Ereñoko Udala Sari Nagusiak puntako partaidetza izango du
Euskaldun Txapelketako bigarren proba puntuagarria izango da zapatukoa [martxoak 2]. 110 kilometro eta 1.800 metroko desnibela edukiko ditu ibilbideak. 15:00etan ekingo diote lehiari.
Zapatuan [martxoak 2], Ereñoko Udala Sari Nagusia txirrindulari lasterketaren 21. ekitaldia egingo dute, 15:00etan hasita. Euskal Herriko eta Espainiatik bertaratutako txirrindularirik puntakoenak Euskaldun Txapelketako bigarren lasterketa puntuagarriaren irteera lerroan. Egiteko gaitza edukiko dute, denboraldi hasierako probarik gogorrenetakoa baita Ereñokoa. 110 kilometroko luzeradun eta 1.800 metroko desnibel positibodun ibilbidea egin beharko dute ziklistek.
Laida eta Laga hondartzetako ibilbideari itzuli bi eman ostean, Ispasterkoa egingo dute. Jarraian, eguneko mendaterik gogorrena, Nabarnizkoa, igo beharko dute; 80. kilometro inguruan harrapatuko dute gailurra. Handik, Ereñora joko dute, Ispasterrera bueltatzeko. Azkenean, Angelutxuko maldak eta Merrutik Ereñorako errepide gorabeheratsuek erabakiko dute lasterketa. Guztira, bost mendate igaroko dituzte, eta horietatik aipatutako biak (Nabarniz eta Angelutxu) izango dira puntuagarriak. Ereñotik igaroko diren bi aldietan eta Ispasterko bigarren pasaeran, bestalde, tarteko helmugak edukiko dituzte.
Finisher etxeko Sergio Romeo asturiarrak irabazi zuen, Zumaian, Euskaldun Txapelketako estreinako lasterketa
Lehiaketako lehen proba iragan asteburuan lehiatu zuten, Zumaian, euripean eta ibilbide leunagoagaz. Finisher etxeko Sergio Romeo asturiarra gailendu zen; hark jantziko du, beraz, liderraren elastikoa. Podiumeko alde banatara lagun izan zituen, bigarren eta hirugarren postuetan, Diego Ruiz de Arkaute eta Haritz Felix Azurmendi. Xabier Aransolo gernika-lumotarrak, bestalde, bederatzigarren postuan amaitu zuen. Sasoiko hasi du denboraldia Grupo Eulen-Nuuk taldekoak.
Puntako palmaresa.
Ereñoko lasterketak, bere ibilbidean, maila handiko garaileak eduki ditu, gerora profesional mailara igaro direnak eta, hori gutxi ez, goiko kotan aritu izan direnak. Hain zuzen ere, Samuel Fernandezek irabazi zuen iazko ekitaldian, eta egun Caja Rural-Seguros RGA talde profesionaleko partaide da. Honako izen entzutetsuak daude, besteren artean, Ereñoko probaren palmaresean: Jose Joaquin Rojas, Jonathan Castroviejo, Fernando Grijalba, Noel Martin, Urko Berrade, Enekoitz Azparren, Julen Amezketa, Loïc Chetout, Joseba Lopez, Unai Iribar edota Marc Soler.