400 lagun baino gehiago, Ibarruriko Mendi Martxa eta Lasterketarako izena emanda
Aurretiazko izen ematean mendizaleek erakutsitako jarreragatik "eskertuta eta pozik" azaldu dira antolatzaileak. Domekan [martxoak 3] izena emateko aukera ere egongo da.
Ibarruri mendizale eta mendi korrikalarien zain dago. Datorren domekan [martxoak 3] Ibarruriko XI. Mendi Martxa eta Lasterketa egingo dute bertan. Aurten, Ibarruriko hitzordua ez da Urdaibai Koparen barruan egongo, lehiaketa hori ez baitute egingo; edozelan ere, egun osoko egitaraua eta, urtero legez, “inguruko paisaiarik ederrenak” mendiaren maitaleen esperoan daude. Hiru proba egingo dituzte: martxa luzea, laburra eta mendi lasterketa.
Martxa luzeak eta mendi lasterketak pareko ibilbideak edukiko dituzte: Elizaldetik aterako dira eta, auzoz auzo, Oizko San Kristobal baselizaraino igoko dira parte hartzaileak; horixe izango da, hain zuzen ere, ibilbideko puntu gorena. Jarraian, beherako bideari ekingo diote beste inguru batetik, irteera hartu duten eremu berberean amaitzeko. Tartean, hogei kilometro eta 1.100 metroko desnibel positiboa bete beharko dituzte. Martxa laburrari dagokionez, bederatzi kilometroko eta 300 metroko desnibeldun ibilbidea edukiko du, hori ere Elizalden hasi eta burututa. Ibilbideetan zenbait anoa postu likido eta solido topatuko dituzte parte hartzaileek: 21 kilometroak egiten dituztenek lau izango dituzte bidean, eta aukera laburra hautatzen dutenek, aldiz, bakarra; hori bai, helmuga eremuan ere jan-edana topatuko dute.
Aurretiaz izena emandako 400 lagunetatik 110 inguru lasterketan ariko dira; 200 inguru, martxa luzean; gainontzekoak, ibilbide laburrean
Internet bidez aurretiaz izena emateko epea astelehen gauean amaitu zen. Saltsamendi Kultur Taldeko antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera, aurretiazko izen ematea “ederto” joan da: 400 lagun baino gehiagok izena eman dute dagoeneko. Horietako 110 inguru lasterketara animatu dira; 200etik gora, martxa luzera; beste 100 inguruk, ostera, laburrera. Kopuruokin “oso pozarren” agertu dira antolakuntza lantaldekoak: “Eguraldi iragarpenak onenak ez izanagatik ere, mendizaleek erakutsi dute probarekiko atxikidura dutela, eta hori eskertzekoa da”.
Egunean izena emateko aukera ere egongo da, 15 euroren truke eta irteera ordu bakoitza baino ordubete lehenago Elizalden egonda
Izen emate kopuruaren banaketagatik galdetuta, “esperotakoa” jaso dute antolatzaileek. “Proba bakoitzak bere publikoa du, bere mendizale profilak eta kopuruak dauzka, eta aurten ere horrelako banaketa aurreikusten genuen”. Horrez gain, iragarri dute egunean bertan izena emateko aukera ere egongo dela, 15 euroren truke eta irteera ordu bakoitza baino ordubete lehenagotik hasita: martxa luzea 08:30ean hasiko da; lasterketa, 10:00etan; martxa laburra, berriz, 10:15ean. Aurretiaz izena emandakoek kamiseta jasoko dute opari eta domekan bertan egingo dutenek, ordea, “beste oroigarritxo bat”.
Adin guztietakoei begira.
Mendiaz eta kirolaz ez ezik, familia eta lagunarteko giroaz gozatzeko eguna izan dadila gura dute antolatzaileek. Hori dela eta, irteera eta helmuga gunean umeentzako jolasak egin nahi dituztela aurreratu dute. “Eguraldiak ahalbidetzen digun bitartean, Elizaldeko txoko edo pilotaleku inguruan egin gura ditugu. Helburua da bertaratzen diren adin guztietako herritarrei plaza eskaintzea eta den-denek egunaz gozatzea, mendira edota konpetiziora mugatu barik”.