TAE Gernikako talderik gazteenak 36 domina eskuratu ditu Benidormen
Zazpi urtetik 29 urtera artekoek betiko eretan (formak, borroka, formak taldeka eta aldez aurretik ezarritako borroka) lehiatu zuten, baita "berria eta ikusgarria" den salto eran ere.
TAE Gernikako 11 kirolzalek Benidormko Palau d´Esport´L´Lillan egin den Open Copa Costa Blanca 24 lehiaketan parte hartu dute asteburuan, beste 20 klubetako 300 kirolariekin batera, eta 36 domina lortu dituzte: hamabost urrezkoak, hamasei zilarrezkoak eta bost brontzezkoak.
Zazpi urtetik 29 urtera artekoek betiko eretan (formak, borroka, formak taldeka eta aldez aurretik ezarritako borroka) lehiatu zuten, baita “berria eta ikusgarria” den salto eran ere. Hain zuzen ere, TAE Gernikako ordezkariek azpimarratu dute taldeko 14 urteko “etorkizun oparoko” taekwondistak urrezko domina lortu zuen kategoria horretan.
Daniel Urbez talde gernikarrekoen instruktoreak azpimarratu du “maila handia” egon zela kluben artean: “Gure taekwondista gazteentzat garrantzia handikoa da beste klubetakoekin lehiatu ahal izatea, eta hori ohiko entrenamendu lekuetatik kanpo egitea. Etxetik urrun lehiatzea proba bat da norberarentzat”. Gehitu du taldearen laguntza “ezinbestekoa” izan dela: “Etorkizuneko kirolari gazteek hori behar dute euren kirol ibilbide pertsonala garatzeko”.
Urbezek nabarmendu du kirol psikologo baten aholkularitza ere eduki zutela asteburuan, eta hori “taldearen barrurako kohesio baliabidea” izan dela, baita lehiakortasuna sustatzeko tresna ere. Izan ere, kirol izpiritua, ekina, konprimisoa eta esfortzua dira taekwondoaren eta TAE Gernikaren baloreak.