Ibaiertzeko pasabideak jarraituta, Bermeora
Eguraldi iragarpen eskasari aurre eginda, otsaileko mendi irteeran batu ziren hogei euskalzale zapatuan (otsailak 24), Gernika-Lumoko Berbalagunek antolatutako irteeran. Giro petralari umore ona jarri zioten, eta Ekoetxeatik Bermeorainoko bidea osatu zuten.
Gernika-Lumon autobusa hartu, eta Madariaga dorretxe pareraino joan ziren. Bertan, hainbat tokitatik bertaratutako berbalagunak elkartu ziren, eta bideari ekin zioten. Lehenengo geldialdia San Antonio hondartzan egin zuten, eta adi-adi jarraitu zituzten Iratxek emandako xehetasunak. Gero, itsasadarraren ertzeko bideari jarraituz, Mundakaraino heldu ziren, eta kafe beroa hartu ostean, “mela-mela” eginda ailegatu ziren Bermeora.