Urteko bigarren azterketaren emaitza: podiuma
Pello Bilbao Lopez de Armentia gernika-lumotarrak hirugarren postuan amaitu du UAE Tourra. Azken etapan bigarrena izan da Bahrain-Victorious etxeko txirrindularia, eta astebeteko lasterketan erregulartasun handia erakutsi du.
Nazioarteko egutegia gurpil biren gainean jarri zenez geroztik hilabete baino iragan ez den arren, Bahrain-Victorious taldeko Pello Bilbao Lopez de Armentia jadanik sasoi puntu interesgarrian dago. Gernika-lumotarrak maila handian abiatu du aurtengo denboraldia, eta bere azken emaitza horren erakusle da: UAE Tourrean hirugarren amaitu du.
Astebeteko itzulia izan da Arabiar Emirerri Batuetan lehiatu dutena, zazpi etapakoa. Basamortua, haizea eta esprinterako egun egokiak gailendu diren arren, bakarkako erlojupekoa eta aldapa gora amaitu diren etapa bi ere eduki ditu. Gernika-lumotarrak erregulartasun handia erakutsi du aste osoan zehar, eta uneoro taldeak babestuta aritu da, begiak sailkapen orokorrean ipinita. Erlojupeko saio leunean, zortzigarren postu baliotsua poltsikoratu zuen, erregistro polita eginez eta sentsazio oso baikorrak erakutsiz. Biharamunean, Jebel Jaisko lehendabiziko mendate ailegaeran, postu berbera sinatu zuen gernika-lumotarrak. Azken borrokan, domekako [otsailak 25] Jebel Hafeeteko mendatean, azken sailkapenerako hautagaien multzoko indartsuenaren antza bistaratu arren, ezin izan zuen garaipena eskuratu. Bere urtebetetze egunean lasterketa hauspotzeko asmo argi eta garbia erakutsi zuen Bilbaok, baina aurkariek hurre-hurretik jagon zuten bere gurpila.
Lennert Van Eetvelt belgikarrak altxor bikoitza lortu zuen atzo [otsailak 25], Jebel Hafeet mendatean: etapako eta sailkapen orokorreko garaipena
Behin baino gehiagotan saiatu zen mendatearen sektorerik pikoenetan aldeak egiten, baina ez zuen iturritik urik atera. Azkenean, Lotto Dstny etxeko Lennert Van Eetvelt belgikarrak eroan zuen azken etapa. Ez hori bakarrik: segundo biko aldeagatik irabazi zuen sailkapen orokorra igotzaile gazteak. Azken podiumean, Decathlon AG2R La Mondiale taldeko Ben O’Connor australiarra eta ezustekoa eman zuen Van Eetvelt eduki zituen lagun Bilbaok; Bahrain-Victoriousekoak 11 segundoko galera izan zuen.
Lehen lasterketa, Valentziako Itzulia, seigarren amaitu zuen Bilbaok; UAEn, urteko bigarrenean, podiuma zapaldu du
Ohorezko postu horregaz, Bilbaok jarraipena eman dio aurtengo denboraldi hasiera paregabeari. Izan ere, Valentziako Itzulian ekin zion 2024ko sasoiari eta, aurtengo debuta izanda ere, azken sailkapenean seigarrena izan zen, Miserat mendatean burututako etapa laugarren amaitzeaz gain. Aurrerantzean, Euskal Herriko Itzulia edukiko du helmuga denboraldiaren lehen zatian; etxeko lasterketan gailentzeko hautagai nagusietako bat izango da, ondobidean, gernika-lumotarra. Udari begira, Frantziako Tourra lehiatuko du, uztailean. Iaz, seigarren amaitu zuen Tourra, baina, batez ere, etapa garaipen aparta lortu zuen.