Gernikako bonbardaketatik bizirik ateratako Andone Bidaguren zendu da
97 urte zituela hil da Bidaguren. Errenteriatik joanda, Ajangizko lehenengo etxean jaio zen arren, bizi guztia eman du Gernika-Lumon.
Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zen Andone Bidaguren gernika-lumotarra zendu da 97 urte zituela; 10 urte zituen faxistek Gernika suntsitu zutenean. Bonbardaketaren inguruko memoria ekimen ugaritan parte hartu izan du Bidagurenek eta hainbat alditan eskaini du bere testigantza dokumentaletarako zein prentsarako.
Errenteriatik joanda, Ajangizko lehenengo etxean jaio zen Bidaguren. Hiru urte zituela, baina, Kortezubira joan zen bizitzera. Bonbardaketara arte, Gernikako karmeldarretan ikasi zuen Bidagurenek; gero, Kortezubin jarraitu zuen ikasketekin. Nagusitan, Bodegoian, merkatu plazako bi harategitan eta Aterpe tabernan egin zuen lan.
Konpromiso handiko familia.
Gerra sasoian, Bidagurenen familiak gudariak eta militarrak hartu zituzten etxean. Bere aita preso hartu zuten, eta hiru urte eta erdi pasa zituen Lekeitioko, Bilboko eta Pontevedrako San Simón irlako espetxeetan.
Gernika Memoriaren Lekutik familiari doluminak bidaltzeaz gain, eskerrak eman dizkie Bidagureni herriaren historiaren parte izateagatik.