Bertso artean piztuko dituzte 50. urteurreneko lehenengo kandelak
Jon Maia eta Maialen Lunjanbio izango dira protagonista nagusiak Allende Salazarren 50. urteurrenagaitik antolatu diren ekitaldien lehenengo egunean. Ander Elortegi eta Koldo Gezuraga eskualdeko bertsolariek ere parte hartuko dute zapatuko ospakizunean.
Bost hamarkadan lortutakoa balioan jartzeko ospakizunei ekingo dio Allende Salazarrek zapatu honetan (martxoak 2). Udaberrian ailegatuko da 50. urteurrena eskolara, eta hainbat izango dira hori ospatzeko prestatuko dituzten ekintzak. Lehenengoa, zapatu honetakoa, Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariekin jantokian antolatu duten bertso bazkaria izango da.
13:00etan jarri dute hitzordua ikastetxean bertan. Bertso Vermoutharekin ekingo diote egunari eta pintxoen inguruan kantatuko dute Ander Elortegi eta Koldo Gezuraga eskualdeko bertsolariek.
Bertoko produktuak, protagonista.
Maialen Lujanbio eta Jon Maia izango dira eguneko protagonista nagusiak. 14:30ean hasiko da bertso bazkaria, eta ekologikoak, bertakoak eta sasoikoak diren produktuekin osatuko dute menua: Ajangizko bazkariekin egindako kalabazin kremaz, Ondarruko lebatz freskoaz, Arrietako txahal okelaz egindako gisatuaz, menbrilloarekin lagundutako Bizkaiganeko gazta freskoaz eta Mendiondon egindako bizkotxoarekin batera eskainiko duten kafeaz gozatuko dute hurbildutakoek.
Ostiralera arte izango da sarrerak eskuratzeko aukera. Auzokoa eta Aterpe tabernetan, Astran edo Allende Salazarren eros daiteke 25 euroren truke. Ez da ikastetxeko ikasle ohia izan behar bazkarira joan ahal izateko; antolatzaileek mundu guztiari luzatu diote gonbita.
Egitaraua.
13:00. Bertso Vermoutha. Ander Elortegi eta Koldo Gezuraga.
14:30. Bertso bazkaria. Jon Maia eta Maialen Lujanbio.