Francisco Garcia San Roman, Gernikako bonbardaketako lekukoa, zendu da
Gernikako Bonbardaketan gertatutakoaren transmisioan berebiziko garrantzia izan du Garcia San Romanek: bere testigantza eman du artxibo, prentsa zein dokumentaletarako. 94 urtegaz zendu da.
7 urte zituela Gernikako Bonbardaketatik bizirik ateratzea lortu zuen Francisco Garcia San Roman zendu zen herenegun [otsailak 20], Irunen (Gipuzkoa). Gernikako Bonbardaketan gertatutakoaren transmisioan ezinbestekoa izan da Garcia San Roman: bere testigantza eman du, behin baino gehiagotan, prentsa, artxibo zein dokumentaletarako. 94 urteko adinagaz zendu da Garcia San Roman.
Gernika Memoriaren Lekukotik zendutakoa oroitu dute, eta bere senideei doluminak bidali dizkiete
Gernika Memoriaren Lekukotik Garcia San Roman oroitu nahi izan dute: “Horrelako transmisioek duten garrantzia azpimarratu nahi dugu; izan ere, bera bezalakoei esker, hurrengo belaunaldiok lehen eskutik jaso baititugu Gernikaren aurkako sarraskiaren nondik norakoak”. Doluminak bidali dizkie senitartekoei.
Bere testingantza.
Lekukoak hainbatetan kontatutakoaren arabera, bonbardaketaz ohartarazten zuten sirenak entzutearekin bat, korrika atera ziren ama eta lau neba-arrebak. Etxetik hurbil zuten Astrako gordelekuan sartu eta bertan gelditu ziren, beste ehunka lagunekin batera, bonbardaketak iraun bitartean.
Bonbak jausten zebiltzan hiru ordu eta erdiak pasa ostean atera ziren kalera, eta bere anaiak lurrean hilda zeuden herritarrak seinalatzen zituela oroitzen zuen Garcia San Romanek. Herria suntsituta ikusirik, etxearen egoera nola zegoen ikustera ere ez zen hurbildu familia. Gernikatik alde egin, eta ez ziren bertara bizitzera inoiz bueltatu.