Matxismoaren aurpegi berriei aurre eginez
Busturialdeko Itaiak jaialdi bat antolatu du zapaturako [otsailak 24], Astran. Lanketa politikorako zein aisialdirako tarteak bermatu ditu erakunde sozialistak.
Matxismoaren aurpegi berrien inguruan jarduteko, lanketa politikoa egiteko testuinguru bat eskaintzeko eta aisialdirako espazio seguru bat sortzeko asmoz, Busturialdeko Itaiak jaialdi bat antolatu du zapaturako [otsailak 24], Gernika-Lumon. 19:00etan jarri dute hitzordua Astran eta eskualdeko neska talde batek hilabeteetan egindako lanaren emaitzatzat aurkeztu dute jaialdia.
Hitzaldi batekin ekingo diete jarduerei. Horretan, indarkeria matxistak azkenaldian garatu dituen “aurpegi berrien” inguruan hitz egingo dute Itaiakoek; “larritu egiten gaituzte azkenaldian sareetan, parlamentuetan zein kaleetan bolo-bolo dabiltzan mugimendu matxistek zein faxistek. Inteligentzia Artifizialak edota Tik-Tok eta Instagram bezalako aplikazioetan sortzen dabiltzan mugimenduen inguruan hasunartuko dugu”, azaldu dute antolatzaileek.
Hitzaldiarekin batera, erakusketa bat prestatu dute erakunde sozialistako kideek. Bertan, hitzaldian jorratutako mugimenduen inguruko datuak eskaintzen dituzten panelak jarriko dituzte; “hitzaldiaren laburpen grafikotzat uler daiteke”, azaldu dute. Aurreratu dutenez, sareetan “influencer” lanak egiten dituzten eta mugimendu horiekin bat egiten dituztenen adibideak azalduko dituzte.
Gizartearen zati baten aldetik ikusten dabiltzan tendentzien inguruan “larritasuna” erakutsi dute Busturialdeko Itaiatik. “Esaterako, 14 ta 29 urte bitarteko mutilen artean, bost gizonetik batek genero indarkeria ukatzen du, asmakuntza ideologikotzat kontsideratuz”, atsekabetu dute.
Aisialdirako txanda baino lehen, mojitoen eta pintxoen txanda iritsiko da eta 21:00etan entzungo dira lehenengo musika hotsak. Mungia eta Bermeoko Adur gazte taldea izango da oholtzaratzen lehena. Ostean iritsiko da Gernikako neska talde batek sortu berri duen Kuter taldea eta gauari bukaera emateko, I Am Giz dj bikoteak girotuko du Astra.
Egitaraua.
- 19:00. Hitzaldia eta erakusketa: Indarkeria matxistaren aurpegi berriak aztertzen.
- Ostean. Mojitoak eta pintxoak.
- 21:00. Kontzertuak: Adur, Kuter eta I Am Giz.