Itsas erreskateetan Valamiosek, Marmarinosek eta Kamvisik egindako lana aitortuko dute Gernika Sariek
Bakearen Nobel Sarirako 53 erakunde humanitariok eta merezimenduzko 14 erakunde pribatuk aurkeztutako hautagaitza bateratuaren parte izan ziren hiru horien lana aitortu gura dute. Talde horrez gain, palestinarrek eta israeldarrek osatzen duten Bakearen aldeko Soldaduak erakundearen lana ere aitortuko dute. Euren helburua da okupazioari amaiera ematea eta 1967ko mugetan oinarritutako estatu palestinar bat ezartzea.
Mediterraneoaren Justuak (Los Justos del Mediterraneo) taldearen parte izan ziren Stratis Valamios, Thanassis Marmarinos eta Aimilia Kamvisi aitortu gura dituzte Gernika Sarietan.Horiez gain, Bakearen aldeko Borrokolariek jasoko dute Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko saria. Giza eskubideen alde egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik jasoko dituzte sariok. Urtero legez, apirilaren 26an banatuko dituzte sariak, Gernika-Lumoko bonbardaketaren urteurrenean.
Gernika-Lumoko alkateak, udalbatza osatzen duten hiru kidek, Alemaniako Pforzheim hiriko lehen zinegotziak, Gernika Gogoratuz Fundazioaren ordezkariek, Gernika-Lumoko kultur etxeko ordezkariek eta Bakearen Museoko ordezkariek osatzen dute epaimahaia, eta bi elkarte horiek saritzea erabaki dute. Bestalde, Gernika Memoriaren Lekukok eskatu zuen Gernika Sariek Pirritx, Porrotx eta Marimototsen lana aitortzeko.
Epaimahaiak azaldu duenez, Mediterraneoaren Justuak 2018ko Bakearen Nobel Sarirako 53 erakunde humanitariok eta merezimenduzko 14 erakunde pribatuk aurkeztutako hautagaitza bateratuaren izena da, Mediterraneoan eta Egeo itsasoan erreskatean, itsas sorospenean eta laguntza aktiboan egindako lana aitortzeko sortutakoa. Talde horien lanari esker, errefuxiatuek erreskate zerbitzu eraginkorrak aurkitu ahal izan dituzte, medikuez eta boluntarioez osatutakoak. Hain zuzen ere, talde horren baitan Valamios eta Marmarinos arrantzaleak eta Kamvisi andreak egindako lana aitortuko dute, izan ere, gerretatik ihes egiten zuten gizonezkoak, emakumeak eta umeak salbatzen zituztelako, “hori egitea bidezkoa” zelako ustetan. “Erreskate zerbitzu horiek, bakearen izenean, leku seguru batera eraman dituzte errefuxiatuak, agintariek koordinatuta”.
Pertsona horiei bizitzaren errespetuak, giza duintasunak eta bakeak bultzatu zien lan hori egitera, “adiskidetzerako eta bizikidetza baketsurako” itxaropen bihurtuz, epaimahaikideek azaldu modura. “Krisi humanitarioak gure garaiko erronka politiko eta etiko handienetako bat dira. Mediterraneoko itsasoan eta europar mugetan babestuta dauden pertsona migratzaileen heriotzak nazioarteko komunitatearen kezken artean jarraitu behar du, eta haien salaketa mezu garrantzitsua da gizarteriarentzat”, azaldu dute. Diotenez, “bakea ezin da soilik gerraren edo gatazkarik eza bezala” definitu, giza duintasuna eta pertsona guztietakiko errespetua modu berean babestea eta sustatzea ere bakea delako.
Bakearen aldeko Soldaduak (CFP) erakundeak, berriz, gatazka eta okupazioa amaitzeko behar den gizarte azpiegitura eraikitzea du helburu, izan ere, bakea sustatzeko indarkeriarik gabeko bitartekoen bidez elkarregaz lan egiten duten palestinarren eta israeldarren komunitateak osatzen du. “Iraganean gure eskualdeko indarkeria zikloan aktiboki parte hartu zuten palestinarren eta israeldarren taldea gara: FDIetan zerbitzatu zuten soldadu israeldarrak eta euren herrialdea israeldar okupaziotik askatzeko borrokatu zuten borrokalari palestinarrek osatzen dugu”, azaldu dute. Indarkeriarik gabeko aktibismoan oinarritutako mugimendua da, okupazioaren amaieran aurrera pausoak emateko sortua, eta bakea akordio baten ondoren bi herrien arteko harremanen oinarriak ezartzeko diseinatua: “Gure azken helburua da okupazioari amaiera ematea, eta 1967ko mugetan oinarritutako estatu palestinar bat ezartzea; bakearen eta lankidetzan elkarregaz bizi diren bi estatu edo negoziazioetan adostutako beste edozein irtenbide bilatzen dugu”.
Bi erakundeek bat egiten dute sarituen zerrenda luzearekin; iaz, hain zuzen ere, Egiaren Batzordeek eta Txernobylgo hondamendiak eta Errusiako inbasioak kaltetutako adingabeekin lan egiten duten Euskal Herriko elkarteen plataformak jaso zituzten sariak. Horiez gain, Pepe Mujica Uruguaiko presidente ohiak, Francisco Etxeberria auzitegiko antropologoak, Mohamed Abdelaziz Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko (SEAD) presidenteak eta Carlos Martin Beristain psikologia sozialeko doktoreak ere jaso dituzte aintzatespenak.
Sariak 2005ean hasi ziren banatzen, Gernikako eta Pforzheimeko udalek, Bakearen Museoaren Fundazioak, kultur eteak, Gernika Gogoratuzek eta Wilhem Humboldt euskal alemaniar elkarteak sustatuta, bakearen eraikuntzan eta adiskidetzearen, giza eskubideen eta justizia sozialaren sustapenean egindako ekarpenaren aitorpen modura.