Haurrek egiten duten mugikorren erabilerari buruz hausnartzeko galdetegia zabaldu dute
Gernika-Lumoko, Muxikako, Gautegiz Arteagako, Natxituko eta Busturiko lehen hezkuntzako eskola guztietako gurasoei galdetegi bat bidali diete guraso elkarteek, "euren seme-alabekin batera erantzutekoa". Haurrek egiten duten mugikorren erabilerari buruzko datuak jaso eta tresna bat eskaini gura dute.
Busturialdeko hainbat eskoletako guraso elkateek lan talde bateratu bat osatu dute, haurrek egiten duten mugikorren erabilerari buruz hausnartzeko. Gaiaren inguruan lan egiteko hainbat ekintza egin gura dituzte hurrengo hilabeteetan, baina, lehenengo, egoera zein den aztertzea erabaki dute. Horretarako, Gernika-Lumoko, Muxikako, Gautegiz Arteagako, Natxituko eta Busturiko lehen hezkuntzako eskola guztietako gurasoei galdetegi bat bidali diete, “euren seme-alabekin batera erantzutekoa”. LHko 1go mailatik 6. mailara artekoei zuzenduta dago inkesta.
Guraso elkarte ezberdinetatik sentitu dute gai hori lantzeko beharrizana zegoela, eta elkartzea erabaki dute: “Eskola ezberdinetako guraso elkarteetan gai berak arduratzen gintuen: umeek –nerabetara ailegatu baino lehen– egiten duten mugikorraren erabileraren kexkak. Hori dela eta, elkartzea erabaki genuen, ze iruditzen zaigu Gernika mailan landu beharreko gaia dela, eta ez ikastetxe bakoitzak bere aldetik bere kontura egin beharrekoa”.
Lanketa bateratu bat egiteak garrantzi handia daukala azaldu dute, “mugikorren erabilera lantaldean landu behar den zerbait” delako: “Talde edo komunitate bat gai horrekin kontzientziatuta egonez gero, ume guztiengana ailegatuko da mezua, baina banakako lanketa egiten bada, ez”.
Hala, galdetegiaren helburua bikoitza dela azaldu dute guraso elkarteetako ordezkariek; alde batetik, egoerari buruzko informazioa batzea da euren asmoa, eta, bestetik, inkestagaz gurasoek seme-alabekin mugikorren erabilerari buruz berba egiteko tresna bat edo aukera bat eskaintzea. “Diagnostikoa egitea baino gehiago, gure helburua da galdetegia instrumentu bezala erabiltzea familiek. Izan ere, haurrek mugikorrez egiten duten erabilerari buruzko diagnostiko orokorrak eginda daude Euskal Herri mailan, eta ez dugu uste eskualdea edo Gernikaldea inongo salbuespena izango denik. Horregatik, galdetegiak bi parte ditu; kuantitatiboa, bai, erabilerari buruzko informazioa jasotzeko, baina bestetik, guraso eta haurren ahotsak jaso gura dituen tartea, errealitate hori zelan bizi duten ezagutzekoa”. Izan ere, galdetegia instrumentua izatea gura dute, gurasoei ahalbidetuko diena euren seme-alabekin gaia lantzea. “Guraso askok ez dakite gaiari buruz seme-alabekin zelan berba egin, edo ez dute uste berba egin beharra dagoenik ere, edo bai… Horri buruz hausnartzea gura dugu”.
Jakinarazi dutenez, galdetegia “nahiko zabala” da, umeen ahotsa jasotzea biltzen duelako, ez gurasoena bakarrik: “Oso erraza da haurrei mugikorra txarra dela esatea, baina eurek ze perspektiba duten ere aztertu behar da: zer gustatzen zaien, zer ez, zertarako erabiltzen duten mugikorra, zertarako ez…”. Horregatik, zehaztu dute mobil propioa ez duten harrentzako ere badela galdetegia, horietako askok gurasoen mugikorrak erabiltzen dituelako: “Euren smartphonak izan ez arren, horiek zelan erabiltzen dituzten jakin gura dugu, errealitate bat delako gurasoen mugikorrak asko erabiltzen dituztela”. Azken galdera batzuk gurasoentzako ere badira, eurek mugikorrez egiten duten erabileraz hausnartzeko.
Elkarregaz joan gura dute guraso elkarteek, eta “denon artean” hausnartzeko erreminta sortu dute. Diotenez, hau lehenengo pausoa da, eta, gero, pentsatuko dute zein pauso eman: zelan bultzatu hausnarketa kolektiboak, zelan egin formakuntzak, ze formakuntza egin… “Egokiena izango litzateke erabaki hartze bateratsuak adostea, baina hori aurrerago egin beharreko lana da, eta ikusko dugu horretara ailegatzen garen edo ez”, esan dute.
Hala ere, gauzak kolektiboan adostea ezinbestekoa dela diote: “Sozializatzeko era bat da mugikorra, eta erabaki partekatua izango balitz, komunitatearen erabakia izango litzateke umeek jasoko luketena; hau da, beste sozializazio eredu batzuk ezarriko lirateke, eta mobila edukitzea edo ez izatea ez litzateke bazterketa arrazoi bat izango, eta egun bada”.