Garraio sistemari buruzko ekarpenak egin ditzakete kortezubitarrek eta elantxobetarrek
Urdaibaiko eskumaldeko udalerriak (Ajangiz, Arratzu, Gautegiz Arteaga, Ea, Ereño, Elantxobe, Ibarrangelu, Mendata, Nabarniz, Sukarrieta eta Kortezubi) egungo garraio zerbitzua (Bizkaibus) aztertzeko lanetan dabiltza Bizkaiko Foru Aldundiko garraio sailagaz batera. “Urdaibain mugikortasun seguruago, iraunkorrago eta konektatuagoa aztertzeko ahalegina da”, azaldu dute ordezkariek.
Ildo horretan, Elantxobeko nahiz Kortezubiko udalek herri horietako bizilagunen beharrizanak eta hobekuntzarako ekarpenak ezagutzeko, galdera sorta edo inkesta bat kaleratu dute, eta guztiei erantzunak edota iradokizunak bertan idazteko deialdia egin diete. Inkesta betetzeko edukiko duten epemuga martxoaren 6a izango dela aurreratu dute udal ordezkariek.