Elantxoben kirol ekipamendu eta material berria dute
Talaian ate eta saski berriak ipini dituzte; herriko arraun taldeak eta kiroldegiak, ostera, material berria jaso dute.
Elantxobeko Udaleko mantenu zerbitzuek udalerriko kirol instalazioetan berrikuntzak egin dituzte. Hain zuzen ere, Talaiako jolasgunean saski eta ate berriak ipini dituzte, futbolean edota saskibaloian aritzeko. Udaletik argitu dutenaren arabera, ekipamendu berria seguruagoa eta kalitate hobekoa da: “Zaharrek baino zarata gutxiago ateratzen dute, eta iraunkorragoak dira”. Bestalde, kirol material berria ere erosi du udalak. “Kirol material hori arraun taldearentzat eta kiroldegirako izango da”, argitu du Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak.
Material eta ekipamendu berriak “20.000 euro inguruko kostua” eduki duela zehaztu du alkateak; udalak, halaber, kopuru horren erdia Itsaspen sailetik jasotako diru laguntzatik lortu du. Ateak eta saskiak “denbora tarte oso laburrean” instalatu dituzte: “Materiala heldu bezain laster, segituan ipini dute; alde horretatik, prozesu bizkorra izan da, eta jadanik erabilgarri daude”.