Kanpantxuko argiteria publikoko farolak aldatzen ari da udala
LED argiak jartzen ari dira dira Kanpantxuko faroletan, eta etzi amaituko dituzte lanak.
Kanpantxuko 38 farola aldatzen ari da Ajangizko Udala, argiteria publikoko instalazioetan eraginkortasun energetikoa bermatzeko eta argi kutsadura murrizteko helburuz. Etzi amaituko dituzte lanak.
Farolak aldatzeko proiektuaren xedea da argitze elementuak hornitzea eta instalatzea, argindarraren kontsumoa, CO2 isuriak eta argiaren kutsadura “nabarmen” murrizteko, Koldo Carbonell Ajangizko alkateak azaldutakoaren arabera. Era berean, aldaketagaz, farolen mantentze lanak erraztu gura dituzte udal ordezkariek, betiere zerbitzuaren kalitatea murriztu barik.
Horretarako, egungo argien ordez, LED argiak jartzen ari dira Kanpantxuko faroletan. “Kale argien buruak aldatzen ari dira, eta kabeak gehitzen ere bai”, azaldu du alkateak. Izan ere, instalazioak mantenduko dituzte, horiek hobetuz. “Aldaketa honekin argi gehiago eskainiko dute farolek, eta kontsumoa murriztuko da”, azpimarratu du Carbonellek.
Jakinarazi duenez, proiektua Bizkaiko Foru Aldunditik jasotako Herriak Egiten diru laguntzarekin egingo da oso osorik. Izan ere, udalak diru laguntza hori eskatu zuen herriko bide sarea hobetzeko, seinalizazio lanak egiteko eta bidegorria berdez margotzeko. “Obra 96.309,01 eurotan atera genuen lizitaziora, baina enpressak 79.534 eurotan gauzatu zituen lanak. Hala, 20.465,48 euro geneuzkan gastatzeko, eta aldundiagaz berba egin ostean, farolak berritzeko erabiltzea adostu genuen”, azaldu du alkateak.