Garraio sistema "eranginkorrago" bat lortzeko inkesta zabaldu du Ajangizko Udalak
Garraio sistema "eraginkorrago" bat lortu asmoz, herritarrek dituzten beharrizanak aztertzeari ekin dio inkesta baten bidez. Inkestak martxoaren 6ra arte udaletxean (goizez) edo kultur etxean (arratsaldez) jasoko dituzte
Urdaibaiko eskumaldeko udalerriak (Ajangiz, Arratzu, Gautegiz Arteaga, Ea, Ereño, Elantxobe, Ibarrangelu, Mendata, Nabarniz, Sukarrieta eta Kortezubi) gaur egungo garraio zerbitzua (Bizkaibus) aztertzeko lanetan dabiltza Bizkaiko Foru Aldundiko garraio sailagaz batera. “Urdaibain mugikortasun seguruago, iraunkorrago eta konektatuagoa aztertzeko ahalegina da”, azaldu dute ordezkariek.
Hori dela eta, “garraio sistema eraginkorrago” bat lortu asmoz, aukera desberdinak lantzen dabiltza, “ahalik eta herritar gehienek Bizkaibus zerbitzu egokia jaso dezaten”. Horretarako, Ajangizko Udalari Ajangiz-Mendata lineak ematen duen zerbitzua aztertzea dagokio, eta, lehen pauso modura, herritarrek dituzten beharrizanak aztertzeari ekin dio inkesta baten bidez. Galdetegian jasotako datuak eta iritziak herritarren beharrizanak zeintzik diren aztertzeko erabiliko dute, beraz, herritarrei hori betetzeko eskaera luzatu die.
Galdera horiek Ajangizko gune ezberdinetan jarritako karteletan ageri diren QR kodearen bitartez erantzun daitezke, baita udaletxeko webgunean ere. Paperean udaletxean lor daitezke inkestak, baina kultur etxean edo herriko tabernan ere eskuragarri daude.
Paperean betetako inkestak martxoaren 6ra arte udaletxean (goizez) edo kultur etxean (arratsaldez) jasoko dituztela jakinarazi dute.