Beste hiru hilabetez luzatu du Pablo Gonzalezen atxiloaldia Poloniak
Poloniako justizia sistemak, zortzigarrenez, luzatu dio atxiloaldia Pablo Gonzalezi. Elantxobeko kazetariak komunikatzeko arazoekin jarraitzen du.
Bi urte beteko dira otsailaren 28an Poloniako Gobernuak Pablo Gonzalez atxilotu eta espetxeratu zuenetik. Gonzalez, oraindik, ez da epaitua izan eta atzo (otsailak 15) Lublingo Apelazio Auzitegiak ebatzi zuenenez, beste hiru hilabete pasako ditu, gutxienez, kartzelan. Zortzigarrenez luzatu diote espetxeratzea. Poloniako justizia sistemak Errusiarentzat espioitza lanetan aritzea leporatzen dio.
Ukrainia eta Errusiaren arteko gerrak eztanda egin eta lau egunetara atxilotu zuten Gonzalez Przemysl hirian, Ukrainiatik 12 kilometrotara dagoen hirian. Poloniako Barne Segurtasunerako Agentziako agenteek atxilotu zuten gau erdian. Poloniako justiziak “preso arriskutsutzat” du Gonzalez, eta, ondorioz, baldintza “gogorretan” dute preso.
Familiarekin zein bere abokatuarekin kontaktuan mantentzeko zailtasunekin jarraitzen du Gonzalezek. Oihana Goirienak, Gonzalezen emazteak, International Human Rights Foundation-en bidez zabaldu duenez, familiarekin telefono bidez hitz egiteko aukera ukatu zaio Gonzalezi. Gainera, kazetariak, eguneko 23 ordu pasatzen ditu argi naturalik ez duen bost metro karratuko ziega batean.