Zoe Hernandezek Gabby Nikitinaite ordezkatuko du Lointek Gernika Bizkaian
Hegalekoak eta klubak, elkarren arteko adostasunez, alde biak batzen zituen kontratua desegitea erabaki dute.
Aldaketa gehiago Lointek Gernika Bizkaian. Klubak jakitera eman duenez, elkarren arteko adostasunez, Gabby Nikitinaitek eta Lointek Gernikak alde biak batzen zituen kontratua desegitea erabaki dute. Hain zuzen ere, hegalekoaren hutsunea betetzeko heldu da Zor Hernandez aragoiarra.
22 urteko eskolta Cadi La Seutik dator, eta aurten 2,4 puntu sartu ditu bataz beste jokatu dituen 11 partidetan. Hernandezek ondo ezagutzen du liga: Mann-Filter taldeko harrobitik atera zen, gero Casademont Zaragozan jarraitzeko. Iaz, Challenge ligan arreta deitu zuen Navarra Baloncesto Ardoi taldean bataz beste 9,4 puntu sartuz, eta gerora ere lehen mailako ateak zabaldu zitzaizkion.
Lucas Fernandez entrenatzaileak berebiziko garrantzia Zoe Hernandezek liga ezagutzeari eman dio: “Gaztea den arren, eskarmentua dauka txapelketan, ondo ezagutzen du, eta horrek bere egokitzapena hobea eta arinagoa izateko balioko digu. Mentalitate oso positiboko jokalaria da, eta gosetuta heldu da. Kanpoko lerrotik lagundu dezakeen jokalaria da, hiruko marratik jaurtiketa ona du eta jokoa oso ondo ezagutzen du”.