Aurten ez da Urdaibai Koparik egongo
Urdaibai Kopa 2024an bertan behera uzteko arrazoiak boluntarioak faltagaz, alderdi ekonomikoagaz eta egutegiagaz lotutakoak dira. 2023an kopako parte izandako Ibarruriko, Gernika-Lumoko eta Nabarnizko probak beren kabuz egingo dituzte.
Bederatzi ekitaldiren ondoren, 2024. urtea ez da izango Urdaibai Koparen hamargarren urtemugaren testigu. Izan ere, aurten ez dute egingo mendi martxak eta lasterketak uztartzen dituen eskualdeko txapelketa. Koparen antolatzaileek nabarmendu dutenaren arabera, hiru izan dira erabaki “gaitz” hori hartzera behartu dituzten arrazoiak: “Batetik, boluntarioen kontua dago: tankera horretako kopa bat bermatzeko, boluntario kopuru esanguratsua ziurtatuta egon behar da, eta aurten hori ez litzateke posible izango”. Bestetik, arrazoi ekonomikoak azpimarratu dituzte. Horiez gain, hitzordu guztiei egutegian “toki egokia” egiteko zailtasunak aipatu dituzte. Edozelan ere, antolakuntza lantaldetik adierazi gura izan dute aurtengoa “ez dela agur bat, gero arte bat baino”.
“Aurtengoa ez da agur bat, gero arte bat baino”
Iaz, IX. aldian, bost herrik parte hartu zuten Urdaibai Kopan: Ibarrurik, Ereñok, Gernika-Lumok, Nabarnizek eta Gautegiz Arteagak. Aurretiaz, baina, beste hainbat herri izan dira kopako partaide: Ea, Gorozika, Ariatza, Arratzu, eta abar. Urtez urte emandako lankidetza hori “txalotu” egin gura izan dute antolatzaileek: “Urteen poderioz, herrietako eragileen arteko sare bat ehundu dugu; hori gauza polita da eta ez da bat-batean galduko, Urdaibai Kopa egin zein ez”. Edozelan ere, iazko ekitaldiaz geroztik “larri samar” ibili dira, hitzorduak zehazterakoan eta probak antolatzerakoan: “Lan karga aldetik eta Euskal Herriko mendiko egutegia zelakoa den ikusita, kopa prestatzea egiteko oso gaitza da”.
“Urdaibai Kopa antolatzeak bere erritmoak ditu, eta erritmo horiek errespetatu egin behar dira”
“Urdaibai ez da Anboto edo Txindoki ingurua, ez dira Pirinioak”, azaldu dute: “Eremu honetako mendiguneak ez dira beste toki batzuetakoak modukoak. Hori horrela, kontziente gara mendizaletasuna ez den beste kirol alor batzuek protagonismo nagusia eroan ohi dutela, hala nola, futbolak edota saskibaloiak. Geurean horri aurre egitea ez da erraza“. Kopako antolakuntzak “bere erritmoak” dituela adierazi dute antolakuntzatik: “Erritmo horiek errespetatu egin behar dira, hau da, egoerak ez dira behartu behar. Dena dela, garrantzitsua da azpimarratzea hurrengo urtean edo datozen urteetan proiektuari berrekitea oso posiblea dela”.
Lasterketak egongo dira.
Kopa bere horretan egin ez arren, zenbait herrik beraien kabuz lasterketak eta martxak antolatzen jarraituko dute: Ibarrurik, Gernika-Lumok eta Nabarnizek. Hiru hitzorduotako lehendabizikoa Ibarruriko Mendi Martxa eta Lasterketa izango da. Martxoaren 3an egingo dute, ohiko datan. Formatu aldetik, orain artekoaren parekoa izango da: martxa luzea, laburra eta mendi lasterketa edukiko ditu. Martxa luzeak eta mendi lasterketak, urtero legez, 20 kilometroko ibilbidea edukiko dute; martxa laburrak, ostera, 9 kilometrokoa.
Martxoan, Ibarruriko Mendi Martxa eta Lasterketa egingo da; maiatzean, Gernika-Lumoko Mendijaia; uztailean, Nabarnizko Iluntzar Mendi Lasterketa
Hain zuzen ere, zita horretarako izen ematea gaur [otsailak 15] zabalduko dute Saltsamendi Kultur Elkarteko antolatzaileek. Internet bidez aurretiaz izena emateko epea egun horretatik otsailaren 26ra bitartekoa izango da. Horrez gain, egunean bertan izena emateko aukera ere egongo dela aurreratu dute.
Bestalde, maiatzean eta uztailean, hurrenez hurren, Gernika-Lumoko X. Mendijaia eta Nabarnizko Iluntzar Mendi Lasterketa egingo dituztela iragarri dute. Momenturen batean hiru lasterketa horiekin kopa txiki bat sortzea planteatu arren, “murritzegia” litzatekeen beldurrez, ideia hori bertan behera utzi zuten antolatzaileek, hiru hitzorduotako tokiko antolatzaileei “zorterik onena eta esker ona” opa dizkieten arren.
2023an estreinatutako Igoera Herrikoien Liga “indartuta eta proba gehiagogaz” egingo dute aurten
Urdaibai Koparik ezean, 2023an abian ipinitako Igoera Herrikoien Ligak aurrera egingo duela adierazi dute. Aurrera egiteaz gain, “indartuta eta proba gehiagogaz” plazaratuko dute datozen hilabeteetan: “Herri batzuek lehiaketan parte hartzeko interesa erakutsi dute; horrek frogatzen du bai formatu aldetik, bai parte hartzeari dagokionez, txapelketak baduela erakargarritik eta hazteko borondatetik”.