Estrategia desberdin biri, material mota desberdin bi
Eusko Label Winter Seriesko bi bikote finalistek final handirako materiala aukeratu dute gaur [otsailak 14], Jai Alain. Iñaki Osa Goikoetxeak eta Unai Lekerikak 108 gramoko hiru pilota bizi hautatu dituzte; Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak, 106 gramokoak mantsoagoak diren beste hiru.
Neguko zesta-punta txapelketarik handiena bere azken txanpan da. Domekan, Winter Seriesko finala jokatuko dute Jai Alai katedralean. Partidu berezia izateko osagaiak lapiko berean nahasita daude: Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarraren puntista ibilbide profesionaleko azken partidua izango da; etxeko pilotari Unai Lekerika bikote izango du; Aritz Erkiaga beteranoa eta Ion Ibarluzea gaztea aurrez aurre edukiko dituzte. Goi mailako lehia ziurtatuta dago.
MATERIAL HAUTAKETAREN BIDEOA
Gaur [otsailak 14] goizean elkartu dira finala jokatuko duten lau protagonistak, azken lehiako agertoki berean. Astelehenero hartu duen jende nahaspilarik gabe eta ohiko dezibel eztandarik aldenduta, final handian erabiliko duten materialaren hautaketa egin dute lau pilotariek. Erkiaga aurrelari ispastertarra eta Ibarluzea atzelari markina-xemeindarra izan dira pilotekin probak egiten eta gehien interesatzen zaizkienak hautatzen lehendabizikoak. Hamar minutuz aritu ziren pilota bakoitzaren boteak aztertzen eta, azkenean, finaleko materiala plazaratu zuten: 106 gramoko pilotak baliatuko dituzte, mantso samarrak.
Erkiagak eta Ibarluzeak egin legez, Goikoetxea aurrelari gipuzkoarrak eta Lekerika atzelari gernika-lumotarrak ere ez dute tarte luzeegirik behar izan finalean erabiliko dituzten pilota motak aditzera emateko. Bikote horren partetik ere, ez da ezusteko handirik egongo: Goikok eta Lekerikak 108 gramoko pilota biziak erabiliko dituzte domekan.
Unai Lekerika: “Goikoren azken partidua bertatik bertara bizitzea oso berezia izango da niretzat”
Etxekoen hautagaiak, Lekerikak, “arantzatxoa ateratzeko gogoa” duela azpimarratu du. Izan ere, iazko finalean gailentzetik tanto bakarrera geratu zen. Aurten ere txapelketa paregabea eginda, finalean “aukerarik ez barkatzea” espero du: “Partidu handia izango dela uste dut. Gainera, Goikoren azken partidua bertatik bertara bizitzea oso berezia izango da niretzat”. Finalean erabili beharreko estrategiari dagokionez, Erkiaga blokeatzea du buruan Lekerikak: “Erkiaga saihestu eta jokotik atera behar dugu, gero geure gustuko pilotagaz aldeak egiteko. Lehiaketako jokalari sasoikoena eta arriskutsuena Erkiaga da”.
Aritz Erkiaga: “Goikoetxea eta Lekerika faboritoak dira”
Presioa, albokoaren kolkora.
Ispastertarrak, baina, baloia aldamenekoen kantxara bota du: “Goikoetxea eta Lekerika faboritoak dira. Bataren azken partidua izango da, eta besteak etxekoen aurrean jokatuko du. Motibazio eta maila aldetik, beraiek dira hautagaiak”. Material hautaketaren esangura nabarmendu du Erkiagak, “finala aukeraketa egunean hasten da”, esanez: “Domekan denetariko egoerak suerta daitezke, eta materialez behin baino gehiagotan aldatu. Beraz, prest egon behar gara egoera horiei aurpegia erakusteko. Zentzu horretan, komeni zaigun materiala eskuragarri izatea garrantzitsua da”. Erkiagak eta Ibarluzeak Lekerika deseroso aritzea bilatu beharko dute, eta gernika-lumotarrak tantoak egitea galaraztea.
Ion Ibarluzea: “Finalaurrekoak beharrezko konfiantza hartzeko balio izan zidan”
Ibarluzea atzelari markina-xemeindarra da Winter Seriesko ezusteko nagusia. Atzelari markina-xemeindarrak behetik gorako txapelketa egin du, batez ere, finalerdian. Partidu horretan bermedun atzelaria dela frogatu zuen. “Beharrezko konfiantza hartzeko” balio izan zion finalaurreko lehiak. Jakitun da aurkariak beren jokoa atzeko koadroetara kargatzen ahaleginduko direla, Erkiaga saihestuz: “Lehiaketa guztian zehar horixe izan da arerioen estrategia, guretzat ez da ezer berririk. Edozelan ere, Erkiaga jokoan sartzeko estrategiak baliatuko ditugu, eta ni, neure aldetik, jokaldiak eroaten saiatuko naiz”.
Iñaki Osa Goikoetxea: “Nire lehen helburua agurra gozatuz eta gozaraziz bizitzea da”
Iazko ekainean bere profesional ibilbidearen amaiera iragarri ondoren, “amestutako plaza” izango da domekakoa Goikoetxearentzat. “Emozioz betetako hilabeteen” ostean, Winter Seriesko finalean, etxeko puntistaren alboan eta 2.000 ikusleren aurrean erretiratuko da: “Lasai nago; ez dut uste nerbioek tarte txarrik emango didatenik. Batez ere, lasai jokatzen eta ahal bezainbeste gozatzen saiatuko naiz. Presioa agertokiak berak ekarriko du, baina ez neronek. Nire lehen helburua agurra gozatuz eta gozaraziz bizitzea da”. Txapelketan sendotasun handia erakutsita, lasaitasun hori izango da, zumaiarraren arabera, “taktikarik onena”: “Pilota motelagaz, gu dominatzen saiatuko dira, baina uste dut Lekerikak eta biok sobera lanabes ditugula aurkariei aurre egiteko”.