Serafin Ormaetxearen lana aitortu dute ajangiztarrek, txitxiburduntzian
Txitxiburduntzian elkartu ziren atzo [otsailak 11] ajangiztarrak Mendietako plazan. 60 lagunek bat egin zuten ospakizunagaz, eta herriarentzako lan egin duen Serafin Ornaetxearen lana aitortu dute.
Euskal Herriko neguko usadio zaharrak bizirik dirau Ajangizen. Txitxiburduntzi, basatozte edo sasikoipetsu modura ezaguna den egunean bildu baitziren atzo [otsailak 11] ajangiztarrak, Mendietako plazan.
Tradizioak dioenez, mendira joaten ziren herritarrak, eta sua prestatu eta zotz batean iltzaturiko haragiak, txorizoak, txistorrak edota beste txerrikiak sutan erretzen zituzten. Ohitura zaharrak bizirik dirau Ajangizen, eta 60 lagunek bat egin zuten atzo ospakizunagaz.
Eguna aprobetxatu zuten, gainera, Serafin Ornaetxea Madariagaren urte luzeko lana aitortzeko. Udal arduradunek azaldu dutenez, beti prest egon da herriari laguntzeko: “Bizi guztia herriari eskaini dio, jai egunetan bera izaten zen janaria prestatzen zuena: txitxiburduntzia egunean, bakailaoa prestatu behar zenean, Gabonetako gaztaina janean… beti prest zegoen”. Iaz jubilatu egin behar zela esan zien herritarrei, eta omenaldi bat egin gura izan diote herritarrek.