Hitzarmen duinaren aldeko aldarria kalera atera dute Losaleko langileek
Sindikatuetako ordezkariek jakinarazi dutenez, sindikatuen eta patronalaren arteko negoziaketa mahaia blokeatuta dago, ez aurrera ez atzera, eta langileek egoera hori desblokeatzeko eskatu dute.
2022ko urte amaieratik hitzarmenik barik daude Losaleko langileak, eta “akordio duin” baten aldeko aldarria kalera atera dute gaur [otsailak 12], Gernika-Lumon. LABek, ELAk eta CCOOk deituta, eguaztenetan geldiuneak egiten ari dira, baina euren aldarria herriko kaleetan zabaldu dute gaur. Eurekaz batera egon dira senideak zein langile ohiak.
Sindikatuetako ordezkariek jakinarazi dutenez, sindikatuen eta patronalaren arteko negoziaketa mahaia blokeatuta dago, ez aurrera ez atzera, eta langileek egoera hori desblokeatzeko eskatu dute, negoziaketekin jarraitu ahal izateko.
Gogoratu dute 2022an gerentzia aldaketa egon zela enpresan, eta kudeatzaile berriak ez duela hitzarmen duin bat sinatu gura. Sindikatuek langileen soldatei, lan baldintzei, baimenei, lizentziei edota lan orduei buruzko proposamena bidali zioten kudeatzaileari, baina harek soldata igoerari buruzko proposamena besterik ez zuela egin gogoratu dute. Beraz, sindikatuek salatu dute enpresak “ez duela borondaterik negoziatzeko”.