Hirugarren urtez jarraian nagusitu da Bermeo Oriako jaitsieran
Bermeotarrak hirugarren urtez jarraian nagusitu dira, eta lau aldiz astindu dute Oriako bandera. Beteranoetan ere, eskualdeko ordezkaritza egon zen, zazpigarrenak izan baitziren mundakarrak; 16.53,50eko denbora behar izan zuten helmugaratzeko, Chapela A garaileak baino minutu bat eta 18 segundo gehiago.
30. Oriako Jaitsiera lehiatu zuten 86 ontzik zapatuan [otsailak 10] Orion, eta gizonezkoetan, indartsu atera zen Bermeo, hirugarren urtez jarraian nagusituz. Denetara, laugarrenez astindu dute Oriako bandera.
6.000 metro osatu behar izan zituzten gizonezkoek, eta Bermeo izan zen denetan azkarrena, 20.24,77ko denboragaz helmugaratuz. Gorka Aranberrik EiTBri esan zion oraindik lan asko dagoela egiteko, eta garaipenak “indarra ematen” diela lanean jarraitzeko. Donostiarrak egin zuen bigarren, zortzi segundora (20.32,17), eta Ondarroakoek Bermeotarrek baino hamazazpi segundo gehiago (20.41,14) behar izan zituzten lanak amaitzeko. Hondarribia izan zen laugarrena, 20.47,34ko denboragaz, garaileengandik 23 segundora.
Ondarrutarren bigarren traineruak 13. postua lortu zuen, 21.57,81 segundogaz, eta Busturialdea, berriz, 20. postuan sailkatu zen, 22.44,21eko denboragaz.
Emakumezkoek 4.000 metro egin behar izan dituzte, eta Arraun Lagunak taldekoek aurreko denboraldia amaitu bezala hasi dute aurtengoa, garaipenagaz. 16.01,75eko denboran amaitu zituzten lanak, eta bigarrenez nagusitu dira Oriako jaitsieran. Azken bi urteetan garaile izan den Oriori hiru segundo atera zioten; 16.04,08ko denbora osatu zuten. 24 segundo atera zion irabazleak Tolosaldeari. Maila horretan, Ondarroa ere lehiatu zen, eta 11. postua lortu zuten, 17.32,64ko denboragaz, gairaileengandik minutu eta erdira ailegatuz.
Beteranoetan ere, eskualdeko ordezkaritza egon zen. Izan ere, zazpigarrenak izan ziren mundakarrak. Mundakak 16.53,50eko denbora behar izan zuen helmugara heltzeko, Chapela A garaileak baino minutu eta 18 segundo gehiago. Garaileak 15.34,61eko denboran helmugaratu zen, eta bigarren sailkatu zen Badok 13 Orio taldeak, 15.43,18ko denbora osatu zuen. Zumaia izan zen hirugarrena, 16.31,58ko markagaz.