Guztiontzako Herriaren babesari esker, Ana Hormaetxek mankomunitateko presidente izaten jarraituko du
Busturialdeko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrean ere, gehiengo absolutua lortu du alderdi jeltzaleak. EH Bilduk, Armenduk, Herritar Alternatibak eta Sukarrieta Kanala Bizirik alderdiek "eskualdean desberdinen arteko adostasun eta lankidetzatik" mankomunitatean kudeaketa parte hartzaile "garden eta inklusiboa" egiteko "aukera galdutzat" jo dute atzoko bozketa.
EH Bilduk eta Busturialdeko plataforma independenteek 2023-2027 agintaldirako Busturialdeko Mankomunitatean “pluraltasuna” bermatzeko akordioa lortu zuten arren, atzoko [otsailak 8] bozketa aurretik berdinketa zegoen akordioa lortu zuten plataformen eta EAJren artean, bakoitzak hamabi ordezkari zituelako, eta beste bat Guztiontzako Herria plataformak. EAJk akordioa lortu zuen Guztiontzako Herria plataformagaz, eta euren babesagaz mankomunitateko lehendakaritza eta Batzorde Iraunkorreko gehiengoa lortu zituen.
Izan ere, atzo, Busturialdeko Mankomunitatearen 2023-2027 aldirako bi bozketa egin zituzten; alde batetik, mankomunitateko lehendakaria eta lehendakariordea aukeratu ziren, eta bestetik, Batzorde Iraunkorreko kideak. Hala, Guztiontzako Herriaren babesa jasota, 13 botorekin, EAJko kide Ana Hormaetxek jarraituko du lehendakari lanetan, eta hamabi boto eskuratuta (EH Bildurenak eta herri plataformenak), EH Bilduko Leire Gonzalez izango da lehendakariordea.
Batzorde Iraunkorra, aldiz, zazpi kidek osatzen dute: lehendakariak, lehendakariordeak eta bost bokalek. Bokal bat Gernika-Lumoko udalak aukeratzen du, eta beste laurak atzo bozkatu zituzten, bozketara aurkeztu ziren bi zerrendetatik aukeratuta: EAJk aurkeztu zuen bat, eta EH Bilduk, Herritar Alternatibak, Armenduk eta Sukarrieta Kanala Bizirik taldeek proposatu zuten bestea.
“Eskualdeko indar politiko guztiek mankomunitateko gobernu organoetan ahotsa eta presentzia orekatua izateko akordioa” lortu zuten EH Bildukoek eta herri plataformetakoek, eta koalizio abertzaleko, Armenduko eta Herritar Alternatibako ordezkarien zerrenda aurkeztu zuten. Alderdi jeltzalearen zerrenda, berriz, EAJko hiru kidek eta Ibarrangeluko Armenduko batek osatzen zuten, eta hautagaitza hori izan zen bozkatuena; EAJren 12 boto eta Guztiontzako Herriaren bat jaso zituen, EH Bilduren eta herri plataformen arteko zerrendak jaso zituen 12 botoen aurretik.
Hori dela eta, Batzorde Iraunkorra hurrengoek osatuko dute: Ana Hormaetxe lehendakariak (EAJ), Leire Gonzalez lehendakariordeak (EH Bildu), Nerea Revueltak (Guztiontzako Herria), Idoia Etxebarriak (EAJ), Olatz Aberasturik (EAJ), Fernando Goiriak (EAJ) eta Maite Alegriak (Armendu).
Hori horrela, atzoko Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko eratze batzarrean egindako bozketen harira, EH Bilduk, Armenduk, Herritar Alternatibak eta Sukarrieta Kanala Bizirik taldeek argitu gura izan dute, EAJk aurkeztutako hautagaitzan Ibarrangeluko Udalaren ordezkari bat sartu zutela, “hori aldez aurretik jakinarazi barik eta ordezkariaren beraren zein Armenduren baimenik barik”.
Eta, esan dute, alderdi jeltzalekoen asmoa “aniztasuna bermatzea eta udalerrien errealitate soziala ordezkatzea” izango balitz, “gutxienez” Batzorde Iraunkorreko bokal postu bi gainontzeko indar politikoei eskaini beharko liekeela, horrek “ordezkaritza proportzionalagoa ahalbidetuko” lukeelako. “Ildo beretik, EAJk konpromisoa hartu beharko luke, gainerako indar politikoekin adostuta, estatutu integratzaile berriak onartzeko, mankomunitateko gobernu organoetan aniztasuna bermatzeko”, gehitu dute.
Balorazioak.
EH Bilduk, Armenduk, Herritar Alternatibak eta Sukarrieta Kanala Bizirik alderdiek “eskualdean desberdinen arteko adostasun eta lankidetzatik” mankomunitatean kudeaketa parte hartzaile “garden eta inklusiboa” egiteko “aukera galdutzat” jo dute atzoko bozketa. “EAJren eta Guztiontzako Herriaren akordioaren ondorioz, mankomunitatean gehiengorik ez duen alderdi batek mankomunitateko lehendakaritzaz gain, Batzorde Iraunkorrean gehiago absolutua izango du”, esan dute alderdi abertzalekoek.
Atzoko bozketan agerian geratu zen alderdien arteko talka. “Agerian geratu da erakundeak eta horietan egiten den lana ulertzeko ereduen talka: alderdi interesen arabera jardutea ala desberdinen arteko adostasun eta lankidetzatik akordioa zabalen bidez denon artean gobernatzea. Hori izan zen EH Bildu, Herritar Alternatiba, Armendu eta Sukarrieta Kanala Bizirik taldeetako ordezkarien proposamena”.
Bozketak bozketa, alderdi horiek adierazi dute “lanean jarraituko” dutela, ongizatearen oinarri “ezinbesteko” diren Gizarte Zerbitzuak “indartzeko eta hobetzeko“, hori delako herritarrek eskatzen dietena, “konfrontazio politikoa alde batera utzi eta pertsona zaurgarrienen alde lan egitea, alegia”.