Artetik sortua, herritik pasatua eta aldarrian helmugaratua
Mundakako eskolako haurrek eta margoketa eskoletako herritarrek horma irudi bat sortu dute elkarlanean, Irantzu Lekue gidari dutela. Gaur [otsailak 9] inauguratu dute, Tribisarrospen.
Mundakak badauka artea, herrigintza eta aldarrikapen soziala gurutzatzen diren toki bat. Herriko eskolak ikasleek, Irantzu Lekue artista eta aktibista gasteiztarragaz batera eta herriko kultur eragileekin elkarlanean, horma irudi bat sortu dute Tribisarrospe Kultur Etxeko atzealdean. Gaur [otsailak 9] egin dute horma irudiaren inaugurazio ekitaldia, eta bertan egon dira egitasmoan parte hartu duten edota hura babestu duten guztiak: Mundakako udal gobernu taldeko ordezkariak, eskolako ordezkariak eta ikasleak (azken horiek aratusteetako mozorroekin propio jantzita), Lekue bera eta hurreratu diren hainbat mundakar.
Lekueren arteak aldarrikapena du ardatz; aktibismoa eta artea barnebilduta, artibista litzateke hura definitzeko terminorik zehatzena. Hainbat teknika edota molde dominatzen dituen egilea da, eta bere obrek, oro har, emakumezkoaren egoera, injustizia sozialak, klima aldaketa, bizitza eta heriotza, existentzia edota artearen bidez jorratutako irisgarritasun soziala lantzen dituzte. Mundakako horma irudiaren inguruan galdetuta, egileak azaldu du, hasiera batean, udalaren eskariari erantzunez hasi zela beren arteko hartu-emana. Fokua batez ere gaztetxoenengan ipinita, lehendabiziko lan saio bat egin zuten, eta bertan “okurritzen zitzaizkien langaiak edota ideiak” ustiatu zituzten.
Irantzu Lekue: “Umeez gain, margolaritza eskoletan aritzen diren herriko emakumez osatutako taldetxo batek ere parte hartu du”
Haren ostean, argi eta garbi geratu zen islatu gura zena: aldarri feminista bat bistaratzea zen euren helburua, konpromiso soziala eta herria bera ezkonduko zituen irudia sortzea. Behin ideia hori abiapuntutzat ezarrita, Lekuek hastapen diseinu edo zirriborro batzuk prestatu zituen. Hortik aurrera, margoketa prozesuari hasiera eman zioten. Bide horretan, gehienbat, “haurrak eurak” izan dira protagonista nagusiak; egileak, azken batean, transmisio edo gidari beharrak egin dituela argitu du. Eskolako umeak ez ezik, Lekuek azaldu du sortze prozesua “ahalik eta zabalena izatea” bilatu dutela hasiera-hasieratik: “Umeak erdigunean daude, bai, baina ez dira horma irudiaren sorkuntzaren parte hartzaile bakarrak izan; margolaritza eskoletan aritzen diren herriko emakumez osatutako taldetxo batek ere parte hartu du”.
Islatzen duen guztiaz.
Horma irudiak umeen ikuspuntua eta ideiak ditu oinarri, baina, hortik abiatuta, “irakurketa zabalagoa” egin daitekeela uste du Lekuek. “Eskolako neskatoek beharbada euren ahotsa hainbeste altxatzen ez dutela atera zen ideiak botatzeko saioan, eta hortik estrapolatu genuen emakumeen ahotsaren aldeko mezua irudikatu genezakeela”, azaldu du. Hori egite aldera, Mundakan hain errotuta dagoen aratusteetako pertsonaietako bat, Lamina, islatu gura izan dute horma irudian: “Ahoa zabalik duela ageri da, ia-ia irrintzika edo oihuka balego legez”.
Bere aldamenean emakumezko arraunlaridun eskifaia duen trainerua ageri da, kolore morea argiki agerian duela. “Horma irudiko kokalekuari erreparatuz gero, badirudi Laminaren ahotik eta bere aldarritik ateratzen den fruitua dela. Emakumeen indarra zein ekina islatzen ditu”, nabarmendu du. Horrez gain, udalerriagaz oso estuki erlazionatutako tokiak ikus daitezke, obrari are “hurbiltasun gehiago” ematen dienak: eliza, moila nahiz Oka ibaiaren itsasadarra.
Sorne Rubio Arano: “”Ibaiadarra, trainerua, olatua, Lamina… hau da Mundakaren izaera, eta horman ederto gordeta geratuko da”
Mundakako alkateak, Sorne Rubio Aranok, horma irudiak daukan “izaera parte hartzailea” azpimarratu du: “Irudiaz beraz gain, gaur hemen zaudeten guztiok zarete protagonistak”. Herriaren nortasuna “modu ederrean” gordetzen duela adierazi du Rubiok: “Ibaiadarra, trainerua, olatua, Lamina… hau da Mundakaren izaera, eta horman ederto gordeta geratuko da”. Amaitzeko alkateak “eskerrik beroenak” eman gura izan dizkie horma irudiaren inauguraziora bertaratu diren mundakar guztiei: “Herritarrak irudiaren sorkuntzan partaide izan dira eta, horrenbestez, herritarrena da irudia bera”. Lekuek, hain zuzen, esker oneko oparia jaso du. Udal gobernu taldeko ordezkariek, izan ere, jaietako zapia opari egin diote, baita lepoan jarri ere.