Lehen Errepublikaren urteurrena gogoratzeko ibilaldi errepublikazalea egingo dute Gernikan
Ibilaldi errepublikazalea egingo dute domekan [otsailak 11] Gernika-Lumon; 11:30ean Institututik aterako dira. Egun horretarako prestatutako ibilaldiak udalerria zeharkatuko du, eta Bigarren Errepublikaren eraketari buruzko datuak eskainiko dituzte.
1873ko otsailaren 11an aldarrikatutako Lehen Errepublikaren urteurrena gogoratzeko, Euskal Herriko Talde Errepublikazaleek eta Gernika-Lumoko Pipergorri Kultur Alkarteak antolatuta, urtero legez, Bigarren Errepublikaren momentu historikoari buruzko (1931ko apirilaren 14a) ibilaldi errepublikazalea egingo dute domekan [otsailak 11] Gernika-Lumon. Egun horretarako prestatutako ibilaldiak udalerria zeharkatuko du, 11:30ean Gernika-Lumoko Institututik abiatuta.
Pipergorrikoek jakinarazi dutenez, ibilbidean Bigarren Errepublikaren eraketaren eta lehen frankismoaren “zorigaiztoko” bilakaeran Gernika-Lumoren funtsezko garai bat ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. “Lehen Errepublikaren urteurrena ospatuko dugu, orduko oligarkiek nahi bezala maneiatutako estatu absolutista, klerikal eta zentralista baten aurkako erreakzio ausart baina iraupen laburrekoaren oroigarri eta omenaldi modura”, azaldu dute.
Izan ere, horrelako ibilbideen helburua izaten da historiari buruzko ezagutza sendotzea, “herritar asko eta askoren ahaleginak eta ekimenak ezkutatu eta desitxuratu beharrean”. Ondorioz, garai batean gertatutakoak gaurkotasunera ekarri eta azalduko dituzte ibilbidean zehar.
Pipergorrikoen berbetan, horrelako ibilbideak tresna bihurtzen dira historiari buruzko atal batzuk modu atseginean transmititzeko, “eta kausa errepublikazaleak ezagutzeko eta zabaltzeko”. Ibilbideak historia maite dutenentzako aproposak direla adierazi dute: “Berez, ibilbide turistikoa izan barik, honek balio hezitzailea dauka historia maite duen edo, beste barik, Gernikaren ingurune soziala, kulturala eta haren sustraiak ezagutzeko interesa daukan edonorentzat”.