Elizalden edukiontzi marroiak jarri ditu Nabarnizko Udalak
Lau edukiontzi marroi jarri ditu Nabarnizko Udalak Elizalden. Edukiontzi horiek auzoguneetara zabaldu behar diren edo ez erabakitzeko tartea ere hartuko dutela urtebeteko epean.
Ingurumen eta birziklapenagaz duen konpromisoa handitzeko eta indartzeko helburuz, lau edukiontzi marroi jarri ditu Nabarnizko Udalak udalerriko zabor bilketa gune handienean: Elizalden.
Abenduan jarri zituzten horiek Elizalden, bertan biltzen delako herriko jende gehiena, eta bertan kokatzen direlako herriko taberna guztiak. “Lau jarri ditugu, ez dakigulako zenbaterainoko beharrizana dagoen, baina denboragaz ikusiko dugu gehiago behar diren edo ez”, azaldu dute udal ordezkariek.
Gehitu dute edukiontzi horiek auzoguneetara zabaldu behar diren edo ez erabakitzeko tartea ere hartuko dutela urtebeteko epean. “Aurrera begira, ikusiko dugu edukiontzi horiek auzoguneetan kokatzeko beharra dagoen”. Ze, diotenez, desberdina da hondakin organikoak hirigune batean edota landa eremuan birziklatzea. Nabarnizen, hainbat eta hainbat bizilagunek baserrietan birziklatzen dituzte hondakin horiek, konposta egiteko edota beste kontu batzuetarako. Horregatik, lehenengo, herriko bilketa gune handienean jarri dituzte edukiontziak: “Auzoguneetan, gainera, ez da jende asko bizi, eta horietako askok baserrietan birziklatzen dute, edota bestelako berrerabilpena ematen diete hondakin horiei”.
Elizalden edukiontzi marroiak jarrita, beste zerbitzu bat eskaini die udalak herritarrei: “Horretarako premia ikusten genuen, eta horregatik jarri dugu, herritarrei aukera hori eskaintzeko”. Jakinarazi dutenez, hondakinak aparteko enpresa batek batzen ditu, baina udala arduratuko da zaborra batzearen kostuaz eta birziklapen egoki bat egiteko informazioa zabaltzeaz.