Nekazariak mobilizatu egingo dira barikuan
Bilbora joango dira eskualdeko hainbat herritako baserritarrak. Busturialdean Gernika-Lumo izango da irteera herria: barikuan [otsailak 9] 07:00etan irtengo dira nekazariak, Eroskiko aparkalekutik. Bertara joan nahi duten nekazariek izena eman beharko dute.
Azken asteetan nekazaritzako protestak gero eta ugariagoak izan dira Europako Batasuneko hainbat herrialdeetan, eta Euskal Herriko nekazariek ere bat egin dute protestagaz. Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna eta Euskal Nekazarien Batasuna sindikatuek mobilizazioa deitu dute otsailaren 9rako Bilbon.
Merkataritza libreko itunei amaiera eman eta baserritarrentzako bidezko prezioak bermatzeko eskatzeko, Bilboko Areatzan traktoreak biltzeko deia egin dute, eta Bizkaiko hainbat eskualdetatik abiatuko dira bertara. Busturialdeko irteera herria Gernika-Lumo izango da: barikuan [otsailak 9] 07:00etan, Eroskiko aparkalekutik abiatuko dira nekazariak Bilborantz. Bertara doazen traktoreek izena eman beharko dute 636 45 15 70 (Alberto Llona) edo 688 68 8674 (Iñigo Bilbao) zenbakietara deituta.
Bilbon merkatu garden bat egingo dute, eta hutsean ontziratutako bildots laurdenak eskainiko dituzte: “Prezio justu batean, Zeelanda Berriko arkumea sartzeak dakarren mehatxua salatzeko, eta gure elikaduraren ekoizpena balioan jartzeko”.
Erantzun zehatzak. Eskaerak hiru ardatzetan zehaztu dituzte: merkataritza askeko akordioen negoziazioak berehala etetea, baserritarrentzako prezioek ekoizpen kostuak bermatzea eta Europako Nekazaritza Politika (NPB) sinplifikatzea: “Ezinbestekoa da. Gehiegizko burokraziak kostu onartezinak eragiten dizkie baserritarrei, eta ez dute uzten helburuak betetzen”.