LAB: "Gure eskubideak defendatzeko eta aldarrikatzeko borrokan gabiltza jo eta su"
Lea-Artibai eta Busturialdean bor-bor dabiltzan langileen protestak lehen lerrora eroan ditu LABek. "Antolakuntza eta duintasunaren defentsan" lan egiten ari direla azpimarratu dute.
Borborka daude borroka sindikalak Lea-Artibai eta Busturialdean. Hala uste dute LAB sindikatuko kideek, eta hori esan dute gaur [otsailak 7] Gernika-Lumon egin duten agerraldian: “Hainbeste langile borroka daude piztuta gure eskualdeotan. Nagusien egoitzak, metaleko enpresak, arrain kontserberak… korapiloak biderkatu egin dira, baina eskuak gurutzatuta geratu ordez, eskualdeko langileok antolatu eta gure eskubideak defendatzeko eta aldarrikatzeko borrokan gabiltza jo eta su. Ez daukagu asmorik, urte luzez irabazitakoa bertan behera uzteko”.
Sindikatukoek diote “lan eta bizitzeko eskubideen eta duintasunaren defentsan” lan egiten dutela beti, eta langileen arteko elkartasuna “ezinbestekoa” dela, bai lantokietan bai borroka ezberdinetan dauden lantoki ezberdinetako langileen artean. Hori irudikatu gura izan dute gaur udalerrian, eskualdeko borroketan “buru belarri” lanean dabiltzan ordezkari sindikalak bertaratu baitira bertara, euren aldarrikapenak plazaratzera.
Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea bertan behera uzteko eskatu dute Salicako langileek. “Arrain kontserberen sektorea prekarioa izatea nahiko ez, eta, bigarren urtez, ABEEEra bidali gaitu enpresak. Euren lana egin eta ardurak hartu ordez, langileak behartzen gaituzte gure bizitzekin, gure poltsikoekin, gure langabeziarekin, eta gure eskubideekin euren irabaziak ordaintzera”, esan du Amaia Roman Salicako delegatuak. Egoera “kezkagarria” da langileentzat, baina Romanek argi utzi gura izan du “langile guztientzako lan eta bizi baldintza duinak” lortu arte ez dutela etsiko.
Losaleko langileen ordezkariak ere bertan egon dira, eta astelehenean (otsailak 12) kalera arterako direla iragarri dute, manifestazioan. 13:15ean jarri dute hitzordua enpresaren aurrean, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete. “Ozen salatu gura dugu hitzarmenaren negoziaketen harira enpresak hartu duen jokaera ezkorra; blokeoa ezarri du”, adierazi du Unai Erezuma Losaleko LABeko delegatuak, eta esan du, hitzarmen duina lortzeko bidean, ez dutela atzerapausorik onartuko.
Arlo soziokomunitarioan emandako borrokak ere ez dituzte ahaztu sindikatu abertzalekoek. “Sektorean ez da urte makala izan, eta langile klaseak antolatzen jarraitu du, bere arlo anitzetan: sektore feminizatuak, prekarioenak, arrazializatuenak, antolatu gabeko sektoreak…. Urte hauetan hamarka greba, mobilizazio eta ekimen desberdin egin ditugu, eta zelan ez, eskualdean bizi izan ditugun erasoei planto egin diegu”, esan du Ainhoa Anparan Kaltzada egoitzako delegatuak, eta gogoratu du Busturiko Zelaiondo egoitzan lehen aldiz hauteskunde sindikalak deitu dituztela. “Mehatxu eta oztopoen aurrean borrokan jarraitu dugu”.
Pandemia garaietatik hona, Kaltzadako langileekin “saretu, antolatu, harremandu eta borroka eredugarri bat” aurrera eroan dutela gogoratu du Anparanek: “Interes kooperatiboaren aurretik, langileon mesedetan egindako sindikalismoaren bitartez, eskerrak eman nahi dizkiogu Gernikako mugimendu feministari zein herriari euren babesagatik”.
Bermeo aldetik, aldaketa garaiak izan direla ere gogoratu dute. Izan ere, Egoitz Alain hauteskunde sindikalak irabazi eta lehen lerroan jarri dira LABekoak: “Oztopoz oztopo aurrera goaz, egoitzetako langileok bizi dugun prekarizazioaren aurrean borrokan”. Ez dituzte ahaztu Arrotegiko kideak edota Eako egoitzakoak. “Lehen aldiz egin ditugu hauteskunde sindikalak Eako egoitzan, langileen mesedetan, langile gutxi izan arren arima borrokalaria duen taldea osatuz”, esan du delegatuak.
Jazarpenak ez dituela “kikildu” esan, eta aniztasun funtzionaleko enpresetan ere “borroka eredugarri” batzuen bitartez (Gaude, Gorabide, Apnabi eta Mercenarias) hitzarmenak sinatu dituztela azpimarratu dute, “historian izan dituzten hitzarmenik onenak”.
Etxeko langileen lehen sail sindikala antolatu dutela ere esan dute LABekoek: “Mundu mailan lehen sindikatuta izan gara etxeko langileak sindikalki antolatzen. Erresidentzietako langileekin borrokak piztu ditugu eta Bizkaiko hitzarmenaren borrokan gogor eta tinko aritu gara, langileen interesak lehen lerroan jarriz eta euren lan eta bizi baldintzak hobetzeko kaleak hartuz, beste interes batzuen aurrean”.
Hori esanda, “antolakuntza eta duintasunaren defentsan” egon direla azpimarratu, eta herritarrei dei egin diete euren herrietan piztuta dauden borroka horiekiko elkartasun ekimentan parte hartzera: “Edozein lantokitan arazoak egonez gero, antolatzea eta gure eskubideak defendatzea da bidea”.