Lointek Gernika, porrotagaz geldialdira
Lointek Gernika Bizkaiak 66-75 galdu zuen Baxi Ferrolen aurka barikuan [otsailak 2] Emakumezkoen Ligako 20. jardunaldian. Gernika-Lumotarrek bi asteko etenaldia izango dute orain selekzioen partidengatik.

Geldialdira joateko modurik txarrenean joan da Lointek Gernika. Talde gernika-lumotarrak 66-75 galdu zuen Baxi Ferrolen aurka barikuan [otsailak 2] Emakumezkoen Ligako 20. jardunaldian. Txarrenean, porrota Malosten izan zelako eta aurkari zuzen baten aurka. Orain, kanporaketak jokatzeko borroka gero eta estuagoa da, garaipen gutxiagoko tartea du eta talde gehiago sartu dira lehian.
Hain zuzen ere, sailkapenean talde galiziarra aldentzeko aukera zuten, baina hurbildu bakarrik ez, averagea iraultzea ere lortu zuen kanpoko taldeak. Hasiera oso lehiatua izan zen, talde bakoitzak bere indarguneak bilatu zituen, etxeko taldeak zonaldeko indarra eta kanpokoak hiruko marra. Itziar Ariztimuñoren hiruko batek lehen tarte garrantzitsua eman zion bere taldeari 35-29koagaz bigarren laurdenean.
Baxi Ferrol jokatzeko zegoen, eta haien estilo desberdinagaz gernika-lumotarren defentsa erotu zuen. Gainera, hiruko marra lagun izan zuten eta hiru hirukorekin ia jarraian 14 puntuko aldea lortu zuten Malosteko markagailuan. Lointek Gernikak ez zuen lortzen galiziarren defentsa irakurtzea eta oso garesti ordaindu zituen galdutako baloiak. Bigarren zatian, hasieran ez bezala, ezin izan zituen barne jokoko jokalariak hain ondo aurkitu. Azken minutura arte borrokatu zuten averagearen garrantziaz jakitun, baina azkenean ezta hori ere.
Orain bi asteko etenaldia izango ditu Lucas Fernandezen taldeak partidarik gabe, selekzioen partidak baitaude. Hurrengo partida otsailaren 17an jokatuko dute Cadi La Seuren aurka etxetik kanpo.