Karmelo Crespo nagusitu da Busturiko Tostada Txapelketan
Aurten 14 tostada aurkeztu dituzte txapelketara. Lehen saria Cresporentzat izan da. Rosa Mari Gabantxo sailkatu da bigarren eta Javi Diaz hirugarren.

San Blaseko kordelak bedeinkatu eta gero, tostada txapelketarako unea izan da busturitarrentzat. Gaur [otsailak 3] egurdian Axpeko Andra Mariko eleizpea izan dute topagunea herritarrek. Guztira 14 tostada aurkeztu dituzte aurten, iaz baino 6 gutxiago.
Aurreko urteetan bezala, giro ederrean batu dira busturitarrak eta txapelketara aurkeztutako tostadak dastatzeko aukera izan dute. Txapelketan parte hartu dutenek tostadak etxetik eginda ekarri dituzte: epaileak izan dira probatzeko aukera izan duten lehenak.
Hamalau parte hartzaileek ardo botila bat jaso badute ere, gaurkoan epaileek hiru sari nagusi banatu dituzte. Iaz bigarren postuan geratu eta gero, aurten tostada gozoenak egin eta txapela eskuratu du Karmelo Crespok. Txapela eta ardo botilaz gain, Madaidxagane Jatetxean gastatzeko 80 euroko opari txartela jaso du. Rosa Mari Gabantxok, bigarren sailkatuak, Zorione ileapaindegian gastatzeko 40 euroko bonoa jaso du. Aurreko urtean irabazle izan zen Javi Diazentzat izan da hirugarren saria gaurkoan: Batzokian gastatzeko 20 euro.
Busturiako Tostada Txapelketako parte hartzaileak berdintsuak izaten dira beti, baina bada aurten lehen aldiz aurkeztu denik ere. Izan ere, udalak tostada ikastaro bat antolatu zuen, eta bertan lehengoz tostadak egiten jardun zuen bat edo beste txapelketara animatu da. Epaileek parte hartzaile guztien maila ona nabarmendu dute.
Sari banaketa bukatzearekin batera, Axpera hurbildu diren busturitarrek txapelketako tostadak jateko aukera izan dute. Etxebarria trikitilariek girotu dute plaza, eta dastaketa bukatu ostean, pintxo potearekin jarraitu dute herriko tabernetan.






























