Hasi dira santa eskean Busturialdean
Natxituan goizetik hasi dira kopla kantari. Ajangizen eguerdian elkartu dira, eta arratsalde guztia kantuan emango dute. Eskualdeko beste hainbat herritan bihar ospatuko dute Agate Deuna.

Ohitura zaharrei jarraipena emateko askoz bilduko dira eskualdeko hainbat herritan asteburuan zehar. San Blaseko kordel bedeinkatuak soinean dituztela, makila hartu eta santa eskean arituko dira Busturialdeko hainbat udalerritan. Gaur [otsailak 3] hasiĀ eta asteburu guztian zehar koplaz beteko dituzte kaleak beste behin.
Baserriz baserri, kopla kantari. Arratzuarrekin batera goiztiarrenak izan dira Natxituan. Izan ere, natxituarrentzat egun handia da Santa Ageda eguna. Herriko plazatik abiatu diren txiki, heldu zein nagusiek eguzkia lagun izan dute etxerik etxe santa eskean aritzeko.
Herriko plazan elkartu dira herritarrak, eta pare bat aldiz entseatu ostean, aterik ate abesteari ekin diote. Kopla berri zein tradizionalak uztartuz, eta gitarren eta makilen soinuaren laguntzaz, herriko txokoak kantuz bete dituzte, beste urte batez.
Ajangizen ere makilak izango dira gaur protagonistak. Ajangiztarrak eguerdian bildu dira Mendieta plazan, Santa Agedako koplak herriko etxe guztietara eramateko helburuarekin. Arratsalde guztia kantuan emateko prestutasuna agertu dute eta bidean herrikideen borondatea eta gozokiak batzen arituko dira. Eguraldi onarekin “pozik” eta esker oneko agertu dira herritarrak, “goizaldera arte” kopla kantari aritzeko prest.
Busturialdeko beste hainbat herritan bihar aterako dira Santa Ageda bezperako koplak abestera.









































































