Baloiak ere badauka aldarritik
Urdaibai Futbol Taldean emakume beteranoen taldea sortu dute. Aurretik futbolean aritutakoak dira asko, baina lehenengoz aritu nahi dutenentzat ere, besoak zabalik dituzte.
Ana Astobieta, Eva Ferreira, Garbiñe Etxebarria, Aitziber Juaristi Tzibi, Larraitz Lucas, Aintzane Encinas, Iraia Iturregi edo Ainhoa Tirapu. Irene Paredes, Garazi Murua, Maddi Torre, Nerea Eizagirre eta Damaris Egurrola. Emakumezkoen futbola etengabeko aurrerapausoak ematen joan da azken hamarkadetan, belaunaldi bakoitzari erreferente berriak eskainiz.

Argazkia: Urdaibai Futbol Taldea
Gero eta gehiago dira futbolean jokatzen duten emakumezkoak: umeak zein helduak. Emakumezkoen futbolari ikusgarritasuna emate aldera, askotariko proposamenak eman dira. Proposamen horietako batetik jaio da Urdaibai Futbol Taldearen barruan emakume beteranoen taldea. Aurretik futbolean aritu diren edota lehenengoz futbolean aritzea erabaki duten emakumeekin osatutako taldeekin ligaxka sortu, eta txapelketa horretan lehiatzeko erabakia hartu dute talde gernika-lumotarrean.
“Duela zazpi-zortzi urte agertu zen lehen taldea, baina iaz desagertu egin zen”
Futbol jokalariak dira, baina Urdaibai Futbol Taldean ezinbestekotzat dituzte adiskidetasuna eta ondo pasatzeko gogoa. Izan ere, bi faktore horiek bultzatu dute futbola pasio duen emakume talde bat berriz ere entrenamenduetan eta lehiaketan aritzeko dinamikara: “Bazkari batean geundela irten zen proposamena, eta gaur hemen gaude: taldea gara”.
Ez da Urdaibai Futbol Taldean sortutako lehen emakumezko taldea. “Duela zazpi-zortzi urte agertu zen lehen taldea, baina iaz desagertu egin zen”. Klubak emakume beteranoen taldea sortzeko proposamena jaurti zuen, eta futbolariek erronka onartu zuten.
“Beteranoen ligak daukan gauza politena laugarren denborak izaten dira”
Futbol zazpian lehiatzen du taldeak, eta Gernika-Lumoko gainontzeko taldeek bezala, Urbieta dute etxea. Bertan biltzen dira egun taldea osatzen duten hamahiru jokalariak. Taldea osatzen duten batzuk aurretik ere elkarrekin aritutakoak dira, “orain dela 20 urte”. Taldean badira, ordea, bizi guztian kirol munduari lotuta egonda ere, “sekula futbolean aritu ez eta oso trebeak direla erakusten ari direnak”. Futbolean aritu nahi baina taldekiderik ez izatea izan da kasu horretan heldutasunera arte kirol horretan ez jardutearen zergatia. Egun gazteen artean hamaika talde ikusten dira, aurrerapausoak eman direnaren seinale.
Talde lehiakorra izatera iristeko asmoz entrenatzen dute, baina aisialdiaz eta elkarrekin ondo pasatzeaz ahaztu gabe: “Lehiatzea gustatzen zaigu, baina harreman ona daukagu, eta nolabait elkartzeko eta denbora pasatzeko aitzakia ere bada”.
Urdaibai Futbol Taldeak “erraztasun asko” eman dizkie taldearen eratze prozesuan. Futbolariek taldearekiko konpromisoa hartu dute: “Kirola egin nahi dugu, ondo pasatu eta ahalik eta partidu gehien irabazi”.
“Guztiok nahi dugu irabazi, baina denok ulertzen dugu futbola ez dela bizitza”
Emakume beteranoen txapelketa sortuberria da. Iaz gizonezkoena sortu zen eta, aurten, emakumezkoena. Oraindik “goizegi” bada ere, “komunitatea” sortzeko ilusioa daukate. “Beteranoen ligak daukan gauza politena laugarren denborak izaten dira”. Izan ere, futbol zazpiko partida hiru zatitan jokatzen dute, eta laugarren zatia deritzonean elkartzen dira gero jokalariak. “Oso lehiakorrak gara, eta guztiok nahi dugu irabazi, baina denok ulertzen dugu futbola ez dela bizitza. Futbola ondo dago, baina guk taldea egin nahi dugu”.

Argazkia: Urdaibai Futbol Taldea
Taldekide bakoitzak bere bizitza eta eginbeharrak ditu futbolaz haratago. Horregatik, neurketak bizpahiru astero jokatzen dituzte; entrenamenduak, berriz, astean bi aldiz. Kirol talde batean izen ematea erabaki zutenean, futbolariek argi zeukaten hautu hark taldearekiko erantzukizuna eskatzen duela.
Futbola, pasio.
Futbolarekiko interesa hamaika lekutatik datorkie Urdaibai FTko jokalariei: alde batetik, etxean jokalari profesionalak izan dituena edo txikitatik futbolaz inguratua egon direnak daude; bestetik, badago 18 urte betetzean futbolean hasi edo heldutasunean pauso hori emateko erabakia hartu duenik.
Emakume talde batek aurrerapausoa emateak beste batzuk motibatu ditzakeela uste badute ere, ez diote beraien buruari inolako “presiorik” jartzen: “Gure poztasunagatik jokatzen dugu. Guk ez dugu erreferenterik izan, mutilek, beharbada, bai; eta gu erreferente sentitzea besteentzat…, ez dugu uste”. Jakin badakite entrenatzen eta ondo pasatzen ikusten badituzte, emakume gehiago animatzea posible dela, eta nahi duenarentzat besoak zabalik daudela nabarmendu dute: “Berdin du futbolean aritu bada edo lehenengoz jokatu nahi badu”.
Urbietan urtarrilean jokatu zuten partiduan «pila bat jende» elkartu zen, eta hurrengo partiduetan ere harrera bera izatea espero dute.