Tabernen XXI. Mozorro Txapelketako izen ematea, zabalik
Izena emateko azken eguna otsailaren 12a [astelehena] izango da. Taberna parte hartzaileekin mapa bat osatuko du udalak.
Aratuste martitzenerako [otsailak 13] Tabernen Mozorro Txapelketa antolatu dute Bermeon. Aurtengoa txapelketaren 21. aldia izango da, eta aurreko urteetan modura, udalerriko tabernek parte hartu dezakete. Gaur arte, 14 tabernak eman dute izena.
Txapelketan izena ematen duten tabernak apainduta egon beharko dira Aratuste martitzenean, 12:00etatik aurrera. Bermeoko Udaletik adierazi dutenez, aurtengo deialdia “arrakastatsuena” izaten ari da, aurreko urteetakoekin alderatuta.
Izena eman nahi dutenek otsailaren 12ra [astelehena] arte izango dute aukera: Kultura eta Hezkuntza Sailaren bulegora gerturatuta, 94-617 91 57 telefono zenbakira deituta edo kultura@bermeo.eus helbide elektronikora idatziz. Udalak izen ematea “ahalik eta arinen” egitea eskatu du, taberna parte hartzaileekin mapa bat osatu gura dutelako. Izena ematen duten taberneei kartel identifikatzaile bat emango diete.
Epaimahai lanetan Jai Batzordeko ordezkariak egongo dira, eta martitzenean bertan joango dira tabernaz taberna. “Apainketaren originaltasuna, erabilitako materialen kontsumo orekatua eta ingurumena errespetatzea” baloratuko dituzte. Gainera, tabernarien mozorroa eta tabernaren apainketa zein euskararen erabilera ere kontuan hartuko dituzte.
Hiru sari banatuko dituzte: lehenengo sailakatuarentzat 200 euroko saria egongo da; bigarrenarentzat 150 euro eta hirugarrenaretzat 100 euro. Egunean bertan udalaren webgunean eta sare sozialetan jakinaraziko dute epaimahaiaren erabakia.
Iaz Zubi Ganek irabazi zuen lehiaketa; Irish Pubek jaso zuen bigarren saria, eta hirugarrena, berriz, Izaro tabernarentzat izan zen.