Drogen kontsumoari eta bestelako adikzioei buruzko datuak eskainiko dituzte Gernikan
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako herritarren drogen kontsumoari buruzko datuak eskainiko dituzte martitzenean [otsailak 6], Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Herritarrak sentsibilizatu gura dituzte.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea Adikzioen prebentziorako lehenengo tokiko plana garatzen aritu da azken urteetan, eta plan horren baitan emandako azken pausoak zeintzuk izan diren azalduko dituzte otsailaren 6an [martitzena], 18:00etan, Gernika-Lumoko kultur etxean.
Izan ere, 2021 eta 2025 urteetarako, adikzioen mendekotasunaren esparruan garatzeko lehentasunezko esku hartzeak zehaztu zituzten, eta horien artean zegoen Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako errealitatearen diagnostikoa egitea, “drogen kontsumoa eta bestelako adikzioak saihesteko, eta herritarrak zein arlo ezberdinetako eragileak menpekotasunaren problematikagaz sentsibilizatzeko”. Helburu horiez gain, sozialitzatzeko ereduari buruz hausnartzeko eta aisialdi osasuntsua sustatzeko ildoak jorratzea zehaztu zuten.
Hori dela eta, beste ekintza batzuen artean, Busturialdeko mankomunitatearen parte diren hezkuntza zentroetako hamabi eta hogei urte bitarteko 1.449 ikaslek inkesta anonimo bat bete zuten, euren kontsumo ohiturei buruzkoa. Eta, arduradunek esan dutenez, diagnostiko horrek drogen kontsumoari buruzko edo bestelako adikzioei buruzko arrisku eta babes faktoreak ezagutzeko balio izan die.
Hala, egindako errealitatearen diagnosi horregaz, hurrengo lau urteetarako prebentzio, sentsibiliazio eta hezkuntza zein arlo komunitarioan garatu daitezkeen neurri zehatzak definitu dituzte, “droga mendekotasunaren esparruan garatuko diren lehentasunezko esku hartzeak ezarriz”.
Guzti horri buruzko saioa izango da martitzenekoa, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.