Australiara joateko bidaia prestatzeko informazio saioa egingo dute
Zapatuan [otsailak 3], bidaian parte hartu gura dutenentzako informazio saioa emango du Euskal Australiar Elkarteak, 11:00etan hasita, Gernika-Lumoko Bakearen Museoaren ondoan dagoen lokalean.
Euskal Australiar Elkartekoak Australiara joango dira aurtengo udan, eta herritarrak gonbidatu gura dituzte eurekin bidaiatzera. Izan ere, abuztuaren 11tik 26ra bitartean Australiara joateko deia egin dute. Bidaian parte hartu gura dutenentzako informazio saioa emango du elkarteak otsailaren 3an (zapatua), 11:00etan, Gernika-Lumoko Bakearen Museoaren ondoan dagoen lokalean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bidaia hori prestatuko duten agentziakoak ere bileran egongo dira, bertaratutakoen galderei erantzuteko prest.
Euskal Australiar Elkarteak antolatuko duen bigarren bidaia izango da aurtengoa; aurrekoa 2019an egin zuten. Duela lau urte egindakoaren helburu berberak mantentzen ditu: kulturartekotasuna eta aniztasuna bultzatzea eta euskal zein australiar komunitateak elkartzea; izan ere, bi kulturen arteko erlazioak sendotu gura dituzte, kultura desberdinak ezagutzeko metodorik egokiena elkar ezagutzea dela oinarri hartuta.
Hori dela eta, Australiako euskal komunitateekin biltzeko asmoa daukatela iragarri dute antolatzaileek, Australiara joan ziren eta han bizitzen geratzea erabaki zuten familia horiek ezagutzeko eta horien berri edukitzeko. Izan ere, azken urteetan ikerketa lan sakona egiten aritu dira Euskal Australiar Elkarteko kideak, Australian egondako euskaldunen testigantzak bilduz, eta bidaia horregaz familia horiei euren arbasoen bizipenak ezagutzeko aukera eskaini gura diete.
Horrez gain, bidaiagaz, Australiara joan ziren euskaldunen lanari buruzko informazioa ezagutzea bilatuko dutela gehitu dute: azukre kanaberak non, noiz eta zelan mozten zituzten ikasiko dute bidaiariek. Zelan kostatu zitzaien lana aurkitzea, bizimodua aurrera ateratzea, eta egindako ahalegina ere zelakoa izan zen ikasiko dute.
Euskal Australiar Elkartekoek zehaztu dutenez, Cairns, Townsville, Ayr, Home Hill, Brisbane eta Sydney hiriak bisitatuko dituzte, baina informazio gehiago eskainiko dute otsailaren 3rako deitu duten bileran.