Arrizabalagak eta Erasunek sendotasunez hasi dute binakakoa
Olatz Arrizabalagak eta Itxaso Erasunek 22-8 irabazi diete Ania Oronozi eta Marie Goienetxeri Binakako Master Laboral Kutxa txapelketako lehen kanporaketan. Hurrengoa otsailaren 18an jokatuko dute gernika-lumotarrak eta zizurkildarrak, Murgian, Mirian Arraizaren eta Miriam Arrillagaren kontra.
Olatz Arrizabalagak eta Itxaso Erasunek bide onetik ipini dute abian Binakako Master Laboral Kutxa txapelketa. Lehiaketako bigarren jardunaldian, gernika-lumotarrak eta zizurkildarrak Ania Oronoz eta Marie Goienetxe eduki zituzten aurrez aurre, domekan [urtarrilak 28], Larrabetzuko frontoian. 300 ikusle inguru bertaratu ziren, eta giro ederra ez zen falta izan. Arrizabalagak eta Erasunek lehiaketa poltsikoratzeko hautagai nagusietako bat direla frogatu zuten eta, 22-8ko markagailuagaz, sendotasunez gailendu zitzaien kanporaketan Ipar Euskal Herriko bikoteari.
Aurrelari gernika-lumotarrak partidua konfiantza handiz hartu zuela adierazi du eta, garaipena poltsikoratu ondoren, konfiantza maila hori “sendotuta” dutela: “Garaipen argia eskuratzea beti da modu ederra edozein txapelketari ekiteko; gainera, sentsazio aldetik, oso fresko igarri nuen nire burua. Horrek guztiorrek motibazio gehigarria ematen dit bai hurrengo kanporaketari begira, bai entrenamenduetako lanagaz aurrera egiteko”. Partiduari dagokionez, Arrizabalagak eta Erasunek ez zuten taldean behar egiteko aukera handirik eduki; izan ere, aurrelariak aurkariak sakeei esker menperatu zituen eta, ondorioz, jokatutako tantorik gehienak ez ziren oso luzeak izan. “Ez zen piloteo askoko partidua izan, baina, ikusitako urritasun horretan, Erasun eta biok ondorio positiboak atera genituen; datozen hitzorduei begira, baikor agertzeko motiboak dira”.
Olatz Arrizabalaga: “Hurrengo kanporaketan, Erasunek zelan edo halan eutsi beharko die arerioei, eta ni jokoan sartzen eta tantoak errematatzen saiatu beharko naiz”
Hurrengo kanporaketa otsailaren 18an (domeka) jokatuko jokatuko dute, Murgiako pilotalekuan. Mirian Arraiza eta Miriam Arrillaga edukiko dituzte aurrez aurre. Bigarren norgehiagoka hori “gogorragoa eta lehiatuagoa” izango dela aurreikusten du gernika-lumotarrak, baita Erasunek ardura handiagoa edukiko duela ere: “Joko aldetik, partidu borrokatuagoa eta estuagoa izango da eta aurkariak, seguru asko, Erasuni presioa egiten saiatuko dira. Txukun lan egitea tokatuko zaigu, eta ez da inondik inora zeregin erraza izango. Arrillagak, eskumakadekin, ni jokotik ateratzeko saiakerak egingo ditu, hau da, partidua atzealdeko koadroetan erabaki dadin bilatuko du. Guk, geure aldetik, egiteko argia edukiko dugu: Erasunek zelan edo halan eutsi beharko die arerioei, eta ni jokoan sartzen eta tantoak errematatzen saiatu beharko naiz. Binakakoan, oso garrantzitsua da ahalik eta partidu gehien irabaztea eta, galduz gero, ahalik eta tanto gehien lortzea. Horrenbestez, edozein neurketa oso esanguratsua izango da”.