Guggenheimen lorratzak jarraitu dituzte Berbalagunek
50 Berbalagun inguru elkartu ziren zapatuan Gernika-Lumon, eta udalerritik Madariaga Dorretxerainoko bidea egin zuten.
Urteko lehen mendi irteera egin zuten Berbalagunek zapatuan [urtarrilak 27], eta Gernika-Lumotik Madariaga dorretxerainoko bidea osatu zuten. Guggenheimen Urdaibai proiektua izan zen ibilbidearen hari nagusia, eta horrek, partaide asko erakarri zituen: ia 50 lagun elkartu ziren irteeran.
Foruen plazan batu eta Dalia fabrikara joan ziren, bertan egin behar omen dute-eta Guggenheim Urdaibai museoaren eraikin bat. Gero, Oka ibaia jarraituz, Muruetako astilleroetara joan ziren, eta han, proiektuaren inguruko azalpen teknikoak eman zituzten, “tekniko bezain interesgarriak”. Berbalagunek adierazi dutenez, hausnarketa eragiteko azalpen aproposak izan ziren, eta horietan sakonduz, Madariaga dorretxera joan ziren.
Otsailean egingo dute hurrengo mendi irteera, eta bitartean, gogoratu dute eguaztena dela urtarrileko Ezetz Jakin lehiaketan parte hartzeko azken eguna.