50 urteko jaia, herri kirolak sustatuz
Goi mailako kirolarien eta Sustabiz Fundazioko kideen eskutik ospatu zuten Maierren 50. urteurrena zapatuan [urtarrilak 27], Ajangizko Mendieta plazan.
50 urte bete zituen Maierrek iaz, eta urteurrena ospatzeko zenbait ekintza prestatu ditu kooperatibak Ajangizko Udalarekin elkarlanean. Herriko memoria historikoa biltzeko eta ezagutarazteko, 36ko gerrak Ajangizen izan zuen eraginari eta horren ondorioei buruzko hitzaldian bildu ziren ajangiztarrak azaroan, eta Sustabiz Fundazioko kideen eskutik ospatu zuten urteurrena zapatuan [urtarrilak 27], Mendietako plazan.
Herriko txiki zein gazteek herri kirol parte hartzaileez gozatzeko aukera izan zuten goizean, denetariko kirolak probatu baitzituzten: trontzan aritu ziren batzuk, harria jasotzeko lana probatu zuten beste batzuek, eta txingak leku batetik bestera mugituz ere aritu ziren. Ingude jasotzean eta lokotx biltzean aritzeko aukera ere eduki zuten.
Probatutako herri kirol horien erakustaldia eskaini zuten, gero, goi mailako kirolariek. Momentuko aizkolari eta harrijasotzaile onenak bertaratu ziren: Julen Alberdi Txikia IVa eta Ugaitz Mugerza mutrikuarra aizkolari lanetan aritu ziren, eta harrijasotzean, aldiz, Jon Unanue Goenatxo III eta Ainitze Zumeta.
Lasto botatze eta lasto jasotze lanetan, Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldekoek eskaini zuten erakustaldia: Xabat Erleaga eta Beñat Obieta arratzuarrak aritu ziren horretan.
Ajangizko hitzorduan ez ziren falta izan Sustabiz Kirol Elkarteko kirolariak: Zihara Zabala foruarrak, Itxasne Apraiz bermeotarrak eta Ane Atxutegi usansoloarrak harrijasotze eta ingude jasotze erakustaldiak eskaini zituzten. Iazko maiatzean sortu zuten elkartea, eta ordutik gaur egunera arte ikasitakoak erakusteko aukera eduki zuten. Izan ere, pausoz pauso ari dira euskal tradizioaren parte diren herri kirolak sustatzen Sustabizekoak, eta dagoeneko elkarteko kirolariek bete dituzte zenbait plaza.