EH Bildu: "Gure eskualdearen etorkizuna ezin da New Yorken erabaki"
Busturialdeko EH Bilduko alkate eta zinegotziek EAJri "zorroztasun eta seriotasun gehiago" eskatu diote, eta, era berean, elkarrizketarako eta akordioetarako eskua luzatu diote: "Eskualdekoak etorkizun ekonomiko eta soziala markatuko duen proiektu estrategikoak behar ditu, eta horiek eskualdeko erakunde, eragile eta jendearekin adostuz aurrera atera behar dira".
Busturialdeko EH Bilduko alkate eta zinegotziak Gernika-Lumon batu dira gaur [urtarrilak 27], eskualdeak behar duen biziberritzea ekonomiko eta soziala ezin dela New Yorken erabaki esateko. Guggenheim Urdaibai proiektuari buruzko “jeltzaleen kontraesanak” oinarri hartuta, ziklo politikoan “aldaketa beharrezkoa” dela esan du Idurre Bideguren koalizio abertzaleko senatariak: “Eskualdeak behar duen biziberritze ekonomiko eta soziala ezin da egon EAJren kudeaketa krisien menpe. Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruko kontraesanek are beharrezkoagoa egiten dute ziklo politiko aldaketa”.
Bidegurenek esan du “harriduraz” hartu dutela EAJko ordezkariek aste honetan Guggenheim Urdaibairi buruz esandakoa: “Urkullu lehendakariak, astelehenean, Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruan egindako adierazpenek EAJko buruzagien arteko hitz gurutzaketa ekarri dute. Ideiak kontrajarri dituzte. Kudeaketa krisi berri bat ikusi dugu. Eta auskalo EAJko lehendakarigaiaren izendapenaren ondoriozko barne krisi berri baten aurrean gauden”.
Bidegurenek gogoratu du lehendakariak Bizkaiko ahaldun nagusia ondoan zeukala egin zituela adierazpen horiek astelehenean, eta koalizio abertzalekoek uste dute adierazpen horiek “kable bilketa” bat direla: “EAJko buruzagiak adierazpen horiek azaltzen saiatu dira aste honetan, baina errealitatea da Guggenheim Patronatuak proiektua bi urtez gelditzeko eta horri buruz hausnartzeko erabakia hartu duela”.
Bestalde, senatariak esan du EAJk atzo [urtarrilak 26] Eusko Legebiltzarrera eraman zuela Busturialdea bultzatzeko plan bat, baina gehitu du plan horretan “ez zela Guggenheim Museoa” aipatzen: “Horregatik ulertzen dugu kable bilketa bat dela hau guztia. Ezin dugu beste era batera interpretatu. Izan ere, gogoratu behar da, duela gutxi, udal eta foru hauteskundeetan, Guggenheim Urdaibai zela EAJk Busturialdea biziberritzeko aurkeztu zuen proiektu nagusia”.
Ideia “kontrajarri” horiek alderdi jeltzalearen “kudeaketa eredu zaharkituaren” islada direla esan du Bidegurenek, eta “beharrezkotzat” jo du, “inoiz baino beharrezkoago” gainera, eraberritze politikoa: “Gobernatzeko beste modu bat behar dugu”.
Eskaerak.
Busturialdeko EH Bilduko alkate eta zinegotziek EAJri “zorroztasun eta seriotasun gehiago” eskatu diote, eta, era berean, elkarrizketarako eta akordioetarako eskua luzatu diote: “Eskualde honek gure etorkizun ekonomiko eta soziala markatuko duen proiektu estrategikoak behar ditu, eta hauek eskualdeko erakunde, eragile eta jendearekin hitz eginez eta adostuz aurrera atera behar dira. Argi daukagu Busturialdearen etorkizuna ez dela New Yorken erabakiko, Busturialdeak bere ezaugarriak ditu. Erreserba Biosfera batean bizi gara, eta gure beharrizanak beste batzuk dira. Horiek kontutan izanik eraiki behar dugu etorkizuna”.
Bidegurenek gehitu du eskualdeari buruzko “diagnostiko ugari” daudela eginda, eta horietatik abiatu behar direla proiektuak: “Kontuan izan behar dugu biosfera erreserba batean bizi garela, eta biosfera erreserba honetan lan egin eta bizi nahi dugula”.