"Trantsizio urtea" aho zapore gozoz amaitu guran
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Hernani Club Rugby Elkartearen zelaian jokatuko du, datorren domekan [urtarrilak 28], A Multzoko lehendabiziko norgehiagoka.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak ez du lortu aurtengo denboraldiko jomuga nagusia: Ohorezko A Mailara bueltatzea. Izan ere, basurdeak ezin izan dira sartu maila igoeraren lehian ariko diren taldeen Elite Multzoan eta, horrenbestez, hurrengo urtean ere kategoria berean jokatu beharko dute. Gauzak horrela, talde gernika-lumotarra multzo horretako partiduak jokatzen ariko da hurrengo zazpi jardunaldietan; horietako lehendabizikoa datorren asteburuan izango da. Hain zuzen ere, Landare Toki zelaigunera joango dira, Hernani Club Rugby Elkartearen kontra jokatzera; 12:00etan ekingo diote lehiari.
Gorka Argulek, Gernika RTko entrenatzaileak, euskal derbiak partidu lehiatua eta gogorra izateko “osagai guztiak dituela” adierazi du. Hernani maila handiko taldea da, batez ere, bere zelaian jokatzen duenean; zentzu horretan, baloiaren jabetzaren kudeaketa eta gipuzkoarren erasoaldiei eustea nabarmendu ditu Argulek. “Hernani edozein aurkariren kontra kikiltzen ez den talde borrokalari horietako bat da; arerioa bat ala beste izanik ere, beti kantxaratzen dira erasora jotzeko eta puntuak egiteko asmoz. Alde horretatik, benetan garrtantzitsua izango da lehenengo minututik adi egotea eta defentsa lerro zurruna eraikitzea”. Hainbeste eskatuko dien neurketari begira, entrenatzaileak azaldu du lantaldea “jokatzeko gogotsu eta sasoiko” dagoela, baina, era berean, denboraldiaren nekea ere sumatzen dutela azpimarratu du: “Partidu asko dira, entrenamendu saio pila bat, eta azkenean hori guztiori igarri egiten da; nekea agerikoa izan ohi da bai plano fisikotik, bai psikologikotik”.
Gorka Argul: “Aurtengoa aldaketa denboraldia izan da, zerbait izatekotan”
Maila igoera jokatzeko txartela eskuratu ez arren, Argul ez dago inondik inora burumakur. “Partidu gehienak irabazi ditugu, eta Urbietan oso sendo azaldu gara; kontua da eraso eta defentsa bonus ugari bidean utzi ditugula. Goi-mailako kirolean, ezin da inongo oparirik egin, ñabardurarik txikienak ere aldeak egin ditzakeelako. Hortaz, badugu zer ikasi eta zertan hobetu”. Horrez gain, entrenatzaileak adierazi du aurtengo “trantsizio urtea” izan del Gernika RTrentzat: “Aldaketa denboraldia izan da, zerbait izatekotan. Lantaldean eta taldearen inguruko ekosisteman aldaketa asko egon dira; beraz, maila berrira ohitzea izan da geure lehendabiziko jomuga. Hurrengo urteari begira, egonkortzea izango da helburua: etxeko jokalariei lehiaketa minutu gehiago ematea, mailara egokituta egotea, Elite Multzora sailkatzea eta goiko kategoriari begira ipintzea”.