Geltoki garrantzitsua, bidean dauden helburuei begira
Lointek Gernika Bizkaiak Kutxabank Araskiren kontrako euskal derbia jokatuko du datorren domekan [urtarrilak 28], 12:00etan hasita, Mendizorrotzan.
Lointek Gernika Bizkaiak hitzordu oso berezia edukiko du datorren asteburuan: domekan [urtarrilak 28], 12:00etatik aurrera, euskal derbia jokatuko du Kutxabank Araskiren kontra, Mendizorrotzan. Emakumezkoen Endesa Ligako 19. jardunaldiko partidua izango da, eta talde gernika-lumotarrarentzat ohiko lehiaketa egutegira itzulera ere bai. Izan ere, azkenaldian aste bakoitzeko partidu bi jokatu behar izan dituzte, EuroCup Women txapelketan ere lehiatzen aritu baitira. Horrenbestez, denboraldiaren “beste fase batera” igaro direla adierazi dute taldetik.
London Lions talde britainiarraren kontrakoan Europako lehiaketako final zortzirenetan kanporatuta baina txapelketa horri dagozkion helburuak “ederto beteta”, asteon jokalarien berreskurapen fisikora emanda egon da Malosteko taldea; azken asteak oso gogorrak izan dira lantalde osoarentzat. Edozelan ere, euskal derbia beti norgehiagoka borrokatua izan ohi denez eta selekzioekin jokatzeko liga geldialdirako jardunaldi bi besterik geratzen ez direnez, euren aurpegirik lehiakorrena erakutsi beharko dute Gernika-Lumokoek. Aurkari sendoa izango dute aurrez aurre. Hain zuzen ere, Araskik garaipena poltsikoratu zuen Malosten jokatu zuenean. Partidua irabazteak, gainera, aurten euskal derbia estreinakoz irabaztea adieraziko luke, Gernikak IDK Euskotren talde donostiarraren aurkakoa ere galdu baitu aurten. Era berean, oraintsu etxeko kantxan jarraian eskuratutako bi garaipenei jarraipena ematea ere “oso garrantzitsua” litzatekeela azaldu dute, batez ere, ligako sailkapeneko lehen zortzi taldeen artean irautea bermatuta egon dadin.
Kutxabank Araski “aurkari oso arriskutsua” dela azaldu dute Gernikatik: Malosteko ligako lehen itzuliko partidua, luzapen denboran, 64-66koagaz irabazi zuten arabarrek
Arabarrek ere taulako ohorezko postuak dituzte jomuga, Erregina Koparen lehiatik kanporatuta geratu ostean. Made Urietaren taldea egindako denboraldi hasiera traketsaren ondorioak pairatzen ari da. Gaur egun, sailkapeneko hamabigarren postuan kokatuta daude, zazpi garaipen eta 11 porrot jasota. Duran Maquinaria Ensino eta Baxi Ferrol talde galiziarrek markatzen dituzte, gaur-gaurkoz, ligako play-offetako postuak, eta biengandik garaipen bitara daude gasteiztarrak. Hori horrela, Mendizorrotzakoek puntuak egiteko beharrizana dute. Alde horretatik, baina, taldea ez dator bilakaerarik onenagaz: IDK Euskotrenen kontrako euskal derbia eta Baxi Ferrolen kontrako norgehiagoka erabakigarria galdu egin dituzte oraintsu. Edozelan ere, talde gernika-lumotarretik argitu dutenaren arabera, “aurkari oso arriskutsua” da, are gehiago beraien kantxan. Malosten jokatutako ligako lehen itzuliko partiduko emaitza, hain zuzen, horren erakusle da: etxekoek luzapen denboran porrot gogorra jaso zuten, 64-66ko markagailu estuagaz.
Errebotearen kontrola euskal derbia irabazteko zutabe esanguratsuenetako bat izango da
Derbiko giltzarri esanguratsuena errebotearen kontrola izango dela aurreratu dute Lointeketik; aukera horren bilaketan ariko dira talde biak ala biak. Ez hori bakarrik: hiruko lerroan eraginkor agertzea ere gako izan daiteke, alderdi horretan biak talde irregular samarrak baitira.