Urdaibairen garapen ekonomikoa bultzatzeko ekintzaileentzako deialdi berri baterako izen ematea zabaldu dute
Itsasoa, arrantza, elikadura, egurra eta energia sustatzeko helburua daukan ekintzaileentzako programa berri bat jarri dute martxan. Interesatuek otsailaren 29ra arteko epea dute U-BAI eta BerriUPen webguneetan izena emateko.
Urdaibaiko “funtsezko sektoreak” diren itsasoa, arrantza, elikadura, egurra eta energia sustatzeko helburua daukan ekintzaileentzako programa berri bat jarriko dute martxan U-Bai eta BerriUp-ek. Urdaibaiko hazkunde ekonomikoa bultzatzera bideratutako ekimena da U-Bai, eta BerriUpekin elkarlanean, Urdaibairen garapen ekonomikoa bultzatzeko eskualdeko ekintzaileei zuzendutako deialdi berria abiarazi du. Proiektu berritzaileei bultzada emanez, “konpromisoa eta talentua sustatzea” da asmoa.
Interesatuek otsailaren 29ra arteko epea dute U-BAI eta BerriUPen webguneetan izena emateko. Programa martxoaren 14an hasi eta ekainaren 20an amaituko da. Prestakuntzaren bidez, ekintzaileek euren negozioa garatu ahal izateko funtsezko tresnak izango dituzte, eta esan dutenez, lehen urratsak emateko U-Baiko enpresen laguntza jasoko dute.
Jakinarazi dutenez, bi proiektuen arteko aliantza estrategikoak identitate ekintzailea duten pertsonentzako eta ekiteko jardunbidean murgildu gura dutenentzako “aukerak sortzea” du helburu. “Programa honetan izena ematen duten pertsonek, proiektu enpresarial bat identifikatu, asmatu eta abiarazteko urratsa emateko prest egon behar dute”, azaldu dute. Era berean, programak berri honek ekintzaileak hiru hilabetez euren negozio eredu zein enpresa proiektuak identifikatzeko, asmatzeko, sortzeko eta abiarazteko espazio bat sortzea du asmo.
Izan ere, zehaztu dutenez, Urdaibairen garapenerako beharrezkoak diren esparru edo sektoreekin zerikusia duten proiektu guztiek hura abiarateko laguntza eta prestakuntza izango dute. Beste alde batetik, proiektu zehatzik ez duten baina ekintzaile izan gura duten pertsonei proiektu, negozio eredu edota enpresa berriak sortzeko pizgarriak eskainiko dizkiete.