Herri kirol erakustaldiagaz ospatuko dute Maierren 50. urteurrena
Zapaturako [urtarrilak 27], Sustabiz Fundazioarekin elkarlanean, herri kirol erakustaldia prestatu dute Mendietako plazan. Umeentzako herri kirol partehartzaileak egingo dituzte lehenengo, eta goi mailako kirolariek erakustaldia eskainiko dute gero.
50 urte bete zituen Maierrek iaz, eta urteurrena ospatzeko zenbait ekintza prestatu zituen kooperatibak Ajangizko Udalarekin elkarlanean. Hala, herriko memoria historikoa biltzeko eta ezagutarazteko helburuagaz, 36ko gerrak Ajangizen izan zuen eraginari eta horren ondorioei buruzko hitzaldian bildu ziren ajangiztarrak azaroan, baina urtarrilerako utzi zuten ospakizun jaia. Hori dela eta, zapaturako [urtarrilak 27], Sustabiz Fundazioarekin elkarlanean, herri kirol erakustaldia prestatu dute Mendietako plazan.
11:00etan hasita, umeentzako herri kirol partehartzaileak egingo dituzte, “familia giroan” etxeko txikienek denetariko herri kirolak probatzeko aukera izateko. Hain zuzen ere, trontzan, harrijasotzean, ingude jasotzean, txinga eroatean, lokotx biltzean eta giza probetan aritzeko aukera edukiko dute etxeko txikienek.
Ostean, 12:30etik aurrera, goi mailako emakumezko zein gizonezkoen herri kirol erakustaldiez gozatzeko aukera izango dute Ajangizera bertaratzen direnek. Izan ere, momentuko aizkolari eta harri jasotzaile onenak bertaratuko dira. Julen Alberdi Txikia IVa eta Ugaitz Mugerza mutrikuarra aizkolari lanetan ariko dira, eta harrijasotzean, aldiz, Jon Unanue Goenatxo III eta Ainitze Zumeta.
Lasto botatze eta lasto jasotze lanetan, aldiz, Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldekoek eskainiko dute erakustaldia. Izan ere, Xabat Erleaga eta Beñat Obieta arratzuarrak ariko dira erakustaldia eskaintzen.
Ajangizko hitzorduan ez dira faltako Sustabiz Kirol Elkarteko kirolariak: Zihara Zabala foruarrak, Itxasne Apraiz bermeotarrak eta Ane Atxutegi usansoloarrak harrijasotze eta ingude jasotze erakustaldiak eskainiko dituzte. Iazko maiatzean sortu zuten elkartea, eta ordutik gaur egunera arte ikasitakoak erakusteko aukera edukiko dute kirolariek. Pausoz pauso ari dira euskal tradizioaren parte diren herri kirolak sustatzen Sustabizekoak, eta dagoeneko elkarteko kirolariek bete dituzte zenbait plaza. Martxa ona hartuta, aurrerantzean ere zeregin horregaz jarraituko dutela diote arduradunek.