Finalaurreko irekiak, ate joka
Jean Dominique Olharanek eta Julen Del Riok finalerdietarako txartela eskuratu dute, Erik Mendizabal eta Ruben Bailo garaitu ondoren. Jokin Arbek eta Mikel Manzisidorrek ligaxkako azken partidua galdu egin dute.
Jean Dominique Olharan pauetarra eta Julen Del Rio gasteiztarra Eusko Label Winter Seriesko finalaurrekoetan egongo dira. Erik Mendizabal mutrikuarra eta Ruben Bailo nafarra menpean hartu zituzten atzo [urtarrilak 22], batez ere, Del Rioren eskumakadei esker. Iragan asteko partiduaren jarraipena izan zen, hura 8-7koagaz eten egin behar izan baitzuten, pilotalekuko hezetasunak tarteko; markagailu horregaz berrekin zioten neurketari. Del Rio arabarrak aurkariak nagusitasunez menperatu zituen, eta 11 tanto egin. Mendizabalek eta Bailok partiduari eusteko saiakerak egin zituzten behin eta berriro, baina ez ziren nahikoa izan.
Lehendabiziko seta 15-9ko markagailuagaz eta segurtasun sentsazio azpimarragarriagaz borobildu zuten Olharanek eta Del Riok. Seta abiatu bezain laster, Mendizabalek eta Bailok tanto bi galdu zituzten, eta 10-7koan ipini ziren atoan. Mendizabalek, baina, bere eraginkortasuna berretsi zuen, 12-8koa alboz egindako tanto eder bategaz lortuz. 12-9ko markagailuraino hurreratu arren, beraien balentria bertan behera geratu zen: Olharanek, eskumagaz, txik-txak bikain bategaz burutu zuen seta. Bigarren setaren hasieran, jokoaren erritmoa zertxobait mantsotu zuten faborito nagusiek, txapelketako hurrengo fasera igarotzea ziurtatuta zeukatelako; horrek arerioen ekina hauspotu zuen. Edozelan ere, Del Rioren eskumakadek berriro konkistatu zituzten Gernika-Lumoko Jai Alai katedralera bertaratutakoen txaloak. Gasteizko atzelariak eraginkortasun handiz kasu egin zien bere aurrelariak emandako gidalerroei: “Eman berotua pilotari!”.
David Minvielle ordezkatu zuen Bailok ere partidu aipagarria egin zuen. Izan ere, Noaingoak ez du ogibide batere errazik eduki Winter Series honetan: zati bitan egin behar izan duten partidua jokatu du; maila handian aritu da, kalitatezko hainbat tanto egin dituen Mendizabalegaz elkarlanean. Egiteko benetan gaitza edukita ere, 14-12koari buelta eman zioten Mendizabalek eta Del Riok, eta, 14-15ekoagaz, bigarren seta maisuki eskuratu zuten.
Jean Dominique Olharanek eta Julen Del Riok Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea izango dituzte aurkari finalaurrekoetan; otsailaren 5ean jokatuko dute
Bigarren setak lehenengoak baino hutsegite gehiago eduki zituen bikote bien aldetik, baina baita joko ikusgarriagoa ere: Olharanek horma bikoak egin zituen alboz, Mendizabal maila handian azaldu zen sakeetako errestoetan zein erremateetan, eta aurrelari biek borroka lehiatua eduki zuten. Dena dela, berdinketa haustean, hautagaiek ez zuten barkatu: 5-4ko markagailu estuagaz izan bazen ere, Olharanek eta Del Riok finalerdietan aintzat hartzeko moduko bikotea direla frogatu zuten hirugarren setean. Otsailaren 5ean aurrez aurre edukiko dituzten aurkariak, baina, goi mailakoak izango dira: beharbada egungo puntistarik sasoikoena den Aritz Erkiaga ispastertarra; beragaz batera, lehiaketa aparta egiten ari den Ion Ibarluzea markina-xemeindarra.
Ohorea, jokoan.
Atzoko bigarren norgehiagoka txapelketako ligaxka faseko azkenengoa izan zen. Ludovic Ladutxe baionarrak eta Gorka Sorozabal donibandarrak Jokin Arbe markina-xemeindarraren eta Mikel Manzisidor mutrikuarraren kontra jokatu zuten. Lau protagonistek ohorea eta beren azken partiduan garaipena lortzea zuten jokoan. Partidu landua, borrokatua eta estua ikusi ondoren, harmailetako ikusleak zutunik ipini ziren, Ladutxe-Sorozabal bikote garailea agurtzeko. Set biak 15-14ko markagailu lehiatuagaz bereganatu zituzten. Hori bai, Arbek eta Manzisidorrek, Pro-Am txapelketa irabazita sailkatutako puntistek, ikusleen berotasuna jaso zuten. Winter Seriesen ez dute lortu punturik egiterik, baina hiru aldiz geratu dira 14ko markagailuan. Horrek egin duten txapelketa txukunaren zantzuak ematen ditu.
Hilaren 29an, Iñaki Osa Goikoetxeak eta Unai Lekerikak Johan Sorozabalen eta Imanol Lopezen aurka jokatuko dute lehen finalerdia
Txapelketako hurrengo neurketa datorren astelehenean [urtarrilak 29] jokatuko dute: lehen finalerdia izango da. A multzoko garaileak, bere puntista ibilbidea amaitzear dagoen Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarra eta Unai Lekerika gernika-lumotarra, B multzoan bigarren sailkatutako Johan Sorozabal donibandarraren eta Imanol Lopez zumaiarraren kontra ariko dira. Bigarren finalaurrekoa, aipatu legez, Erkiaga-Ibarluzea eta Olharan-Del Rioren artekoa izango da.