"Bertso eskolak izango dira Bertso Egunaren oinarria"
Bertso Eguna Gernika-Lumon ospatuko dute zapatuan [urtarrilak 27], eta bertso eskolak izango ditu ardatz. Astran egingo diren bazkari eta bertso jaialdirako sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus euskarrian.
Bertsozaleak 1968an hasi ziren antolatzen gaur egungo Bertso Egunaren aitzindaria dena. Hasiera batean, Bertsolari Eguna izena hartu zuen, eta garaiko hainbat bertsolariren omenaldi eguna izaten zen. 1987an Bertsozale Elkarteak hartu zuen antolatzeko ardura, betiere Donostiako Udalarekin elkarlanean. 1995ean omenaldi kutsua alde batera utzi eta bestelako itxura hartu zuen egunak; izena ere aldatu zitzaion, eta Bertso Eguna izatera pasa zen. Donostian egin zen urte luzez, eta 2017ko etena eta gero, 2018tik, Euskal Herri osoan mugitzen den egitasmo ibiltaria da, Bertsozale Elkartearen oinarrizko helburuekin bat eginten duena: herrialde osoan eragitea. 2018az geroztik Euskal Herriko lurralde guztiak igaro ostean, Gernika-Lumora ailegatuko da jaialdia zapatuan. Muxikan hasiko da bertsozaleen urteko lehen hitzordu nagusienetakoa, eta Gernika-Lumon lur hartuko du festak gero. Astran izango diren bazkari eta bertso jaialdirako sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus euskarrian.
Lehenengoz egingo dute Bertso Eguna Gernika-Lumon, eta udalerria bertsozaleen elkargune izatea bilatu gura dute antolatzaileek. Hala azaldu du Ander Elortegi Bertsozale Elkarteko kide eta Lilibertso bertso eskolako kideak: “Bertsoa oinarri hartuta, egun pasa bat antolatzea da Bertso Egunaren helburua. Bertsozaleak biltzea eta bertsoa erdigunean jarrita Euskal Herriko jendearentzako leku izatea bilatu gura dugu”. Horrez gain, bertsozaletasuna zabaltzeko eguna izango da: “Urte osoan herrialde bakoitza, herri bakoitza, bertso eskola bakoitza bere lanean aritzen da, eta egun hau aitzakia izaten da lagun horiek batzeko”.
Eguna Gernika-Lumon egiteko ezinbestekoa izan da Lilibertsoren azken urteetako jarduna. Izan ere, Bertso Egunaren prestaketa lanetan aktiboki parte hartuko du bertso taldeak. Hain zuzen ere, aurten, bertso eskolak izango dira jaialdiaren oinarria. “Bertso eskolei aitortza egin gura diegu, daukaten garrantzia eman, izan ere euren lana nabamena da bertsozaletasunari bultzada emateko”, azaldu du Elortegik. Bere ustetan, bertsoaren ekosisteman bertso eskolak dira “pisu handiena” dutenak: “Bertso eskola barik ez zen bertsolaririk egongo, ez zen antolatzailerik egongo, eta ez zen bertsoak mugitzen duen jende masarik existituko. Hori guztia mugitzen dutenak dira bertso eskolak, horrelako ekintzak antolatzeko prest daudenek osatzen dituztenak. Horregatik pentsatu genuen bertso eskolak izatea aurtengo Bertso Egunaren oinarria”.
Busturialdean Lilibertso “osasuntsu” dagoela azpimarratu du Elortegik, eta Bizkaian jendea bertso taldeaz akordatzen dela dio: “Jendeak badaki Busturialdean Lilibertso aktibo dagoela; gauza asko antolatzen ditu”. Hori “urte askotako lanaren ondorioa” dela azpimarratu du. “Busturialdean bertsozaletasuna eta bertsolariak beti egon dira, baina duela urte batzuk bertsolaritzako proiektua ikastetxeetan indarra hartzen hasi zen, eta ordutik, Lilibertso indartzen joan da”, azaldu du. Gaur egun, 20-30 pertsona aktibo daude taldean, eta esanguratsua da horien lana, ze eskualdeko saio kopurua “nabarmen” igo da azken urteetan. “Esanguratsua da eskualdean saio kopuruak gora egin izana, herri askotan Lilibertsok antolatzen dituelako saioak udalekin hitzarmenak eginda. Nik uste dut bide positiboan goazela”.
Etorkizuna bermatuta dago, erreleboa ondo ematen dira Lilibertsoko kideak, eta gura duenak ateak zabalik dituela adierazi dute: “Gazteek ateak zabalik dituzte, eta guk ere harrera ona egiten diegu. Nik uste dut transmisio hori ematen asmatu dugula”.
Bertsozale, bertso ikasle, zein bertsolariak elkartuko dira zapatuan, belaunaldi ezberdinetako kideak. “Lehen, duela urte asko egiten zen Bertsolari Egunean, bertsolariei omenaldiak egiten zitzaizkien, gehienetan gizonezkoei eta adinekoei. Argazki horri buelta bat eman genion, eta formatu berri honekin, belaunaldi ezberdinetako bertsozaleak elkartzea bilatu dugu”, argitu du antolatzaileak. Hori dela eta, egitaraua helburu horri jarraiki antolatu dutela dio.
Denetariko ekintzak.
Hori dela eta, prestatutako ekintzak “adin eta gustu desberdinetako” jendearentzako aproposak izango direla dio Elortegik: “Lasai egon gura duena bazkaltzera eta bertso saioa ikustera bertaratu daiteke, eta parranda nahi duena, berriz, poteora edo bertso saioaren osteko parrandara joan daiteke. Uste dut denetariko jendea etorriko dela”.
Bertso eskolak oinarri hartuta, Bertso Egunean egiteko ideiak botatzen hasi ziren antolatzaileak, eta eguna Muxikan hastea erabaki zuten, Garriko bertso eskolari aipamena egiteko: “Lilibertso daukagu Gernikan, baina eskualdean ere badago Muxikako Garriko bertso eskola. Bere sasoian indar asko izan zuen, eta eguna Garrikori keinu bat egiteko aprobetxatzea erabaki dugu, aipamen bat egitea bertso eskola horrek egindako lanari”. Hori dela eta, goizeko 10:30ean Muxikan abiatuko dute eguna, eskolako partaideei edo sasoi batean han ibili zirenei aipamen bat eginez.
Gero, Gernika-Lumora joan eta tabernaz taberna bertso poteoa egingo dute. Ziurtatu dutenez, taberna bakoitzean herrialde bakoitzeko bertso eskola bat arduratuko da ekintza desberdinak egiteaz: antzerki bat, bertso jarri batzuk, edo bat-batekoak eskainiko dituzte. “Eurak izango dira protagonista”, dio Elortegik. Azken lekukoa Lilibertsok hartuko du, eta bazkaldu aurretik egiteko ekintza prestatuko dute.
Gero, bertso bazkariak batuko ditu bertsozaleak. Gaur gaurkoz 120 sarrera baino gehiago saldu dituzte, eta 200 lagun izatera ailegatzea aurreikusi dute. Gero, bertso saioaz gozatzeko aukera izango dute kulturarako fabrika sozialera bertaratzen direnek. Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Saioa Alkaiza eta Etxahun Lekue ariko dira bertsotan, eta saio informala izango dela aurreratu du Elortegik: “Edukiera bete arte sartu ahal izango da Astrara”. Behin saioa amaituta, DJ Bullek jarriko duen musikaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
Gernika-Lumoko zein inguruko bizilagunei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek: “Euskal Herriko herrietatik jendea etorriko da, baina guk Busturialdeko jendearentzako egun erakargarria ere antolatu dugu. Jendeak oso ondo erantzuten du Lilibertsok antolatzen dituen ekintzetara, eta hau eurentzako ekintza izatea ere gura genuen. Hemengo jendeak parte hartzea gura dugu, eta erantzun ona espero dugu”.
Egitaraua
- 10:30. Hasiera ekitaldia, Ariatzan (Muxika).
- 12:00. Bertsopoteoa, Astratik.
- 15:00. Bazkaria, Astran.
- 17:30. Bertso jaialdia, Astran: Amets Arzallus, Etxahun Lekue, Maialen Lujanbio eta Saioa Alkaiza.
- Ondoren. DJ Bull, Astran.