TAE Gernikako gazteek 20 domina eskuratu dituzte Juche Kwan Kopan
TAE Gernikako kideek urrezko zazpi domina, zilarrezko beste zazpi eta brontzezko sei lortu dituzte Bartzelonan.
Juche Kwan Kopa lehiatu zuten atzo [urtarrilak 21], Sant Andreuko (Bartzelona) Bon Pastor pabilioian, TAE Gernikako kideek, eta 20 domina eskuratu zituzten urteko lehen promozio txapelketan; zazpi izan ziren urrezko dominak, zazpi zilarrezkoak eta sei brontzezkoak. “Apartekoa eta ondo merezidutako” emaitza izan zela dio Dani Urbez TAE Gernikako instruktoreak.
Bartzelonan elkartutako 100 taekewondisten artean, TAE Gernika klubeko sei eta hamasei urtera arteko 10 kidek –bost neskak eta bost mutilek– parte hartu zuten lehiaketan, alebin, infanti, junior aurreko eta junior kategorietan, eta bi modalitatetan: formak eta borroka. Aldi berean lau tatamitan lehiatu zuten gazteek eta talde “ederra” osatu zutela eta “ondo funtzionatu” zutela azpimarratu du instruktoreak: “Kirol izpiritua, ekina, konpromisoa eta esfortzua dira taekwon-do ITF lehiaketa sustatzen duten baloreak, eta oraingoan, banakakoan garatu dituzte balio horiek taekwondistek”.
09:00etan hasi zen lehia atzo, eta elkarren arteko “errespetu handiz” jardun zuten kirolariek. Instruktorearen esanetan, “txikiak dira adinez, baina kirolari modura handiak” direla erakutsi dute: “Tatamiaren gainean beste eskoletakoekin lehian trebatu beharra daukate, euren ahalmena neurtzeko eta aurrera egiteko”.