Raji Sourani abokatu palestinarrak nazioarteko komunitatearen inplikazioa eskatu du Gernikatik
Gernika Memoriaren Lekuko elkarteko kideek egin diote ondoetorria. Gazak pairatzen duen genozidioa salatzeko ahotsa altxatu du abokatuak, eta konponbidea bilatzeko nazioarteko komunitatearen inplikazioa eskatu du.
Raji Sourani abokatu palestinarra Gernika-Lumon egon zen zapatuan [urtarrilak 20], eta Gernika Memoriaren Lekuko elkarteko kideek eman zioten ondoetorria. Mundubat elkarteagaz eta Yala Palestina Nafarroa Garaiko plataformako kideekin batera bisitatu zuen udalerria abokatuak, eta Gernika-Palestina deialdi herritarrak Pasealekuan egindako Palestinaren aldeko mosaikoaren berri izan zuten.
Palestinian Cente for Human Rights-PCRH elkarteko zuzendaria da Sourani, “Gazatik lan egiten duen abokatu esanguratsua”. Azken asteetan Hego Afrikak sustatu duen Israelen aurkako salaketako taldeko partaide izan da, eta plataformako kideek abokatuaren bisita baliatu dute, beste behin, Palestinako herriarekiko elkartasuna adierazteko eta Gernika berririk ez dutela nahi ozen aldarrikatzeko: “Gernikatik Palestinara. Haritzetik olibondora: #STOPGenocide, #SOSGaza, #FreePalestine”.
Sourani Iruñean egon eta gero ailegatu zen udalerrira, eta Madrilera joan zen gero, beste hitzaldi bat ematera. Gaur egun Gazak pairatzen duen genozidioa salatzeko ahotsa altxatu du abokatuak, eta konponbidea bilatzeko nazioarteko komunitatearen inplikazioa eskatu gura du.
“Gernika eta bere memoria berarekin partekatzeko une emankorra izan da bisita”, adierazi dute Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideek.