Paseatzera joateko Mintzataldea sortu gura du Berbalagunek
Mintzataldeez gain, irteerak ere egiten dituzte Berbalagunek hileko azken zapatuetan, eta oraingoan, Guggenheimen lorratzak izango dituzte aztergai. Urtarrileko Ezetz Jakin lehiaketan ere parte hartzeko aukera dago.
Euskaldun zaharrak, berriak eta euskara ikasteko zein erabiltzeko gogotsu daudenak batzeko eta euren artean euskararen erabilera sustatzeko helburua dauka Berbalagun egitasmoak, eta euskaraz sozializatzeko Mintzataldeak sortzen ditu. Gaur gaurkoz, Gernika-Lumoko Berbelagunek zazpi taldetan parte hartzen dute, baina zortzigarrena osatu gura dute Gernika-Lumoko Berbalaguneko ordezkariek.
Euskaraz sozializatzeko eta euskararen erabilera bultzatzeko talde zabalak dira Mintzataldeak, tipologia desberdinetako edota gustu desberdinetakoak. Badaude kafea hartzeko geratzen direnak edo tertulietarako batzen direnak, eta orain, paseatzera joateko zortzigarren taldea eratu gura dute; eguazten arratsaldeetarako sortu gura dute taldea, baina eguna eta ordua zehaztu gabe daude oraindik. Horretarako, gutxienez, lauzpabost pertsona behar dituzte, eta herritarrei parte hartzera animatzeko deia egin diete. Interesa dutenek 600 48 20 10 telefono zenbakira deitu beharko dute.
Kalean euskaraz komunikatzeko “talde seguru berri bat” sortu gura dute, euskadun berrientzako zein zaharrentzako. Izan ere, parte hartzaileak euren zaletasunak edo gustuko gauzak egiten ari diren bitartean euskaraz aritzeko taldeak dira.
Irteera.
Mintzataldeez gain, irteerak ere egiten dituzte Berbalagunek hileko azken zapatuetan, eta oraingoan, Guggenheimen lorratzak izango dituzte aztergai. Gernikatik atera eta Madariaga Dorretxeraino joango dira, Dalia, Muruetako teileria, ontziola eta Busturiko San Kristobal auzoa zeharkatuz. 09:00etan jarri dute irteera ordua udaletxe aurreko plazan.
Bestalde, urtarrilaren 31ra arteko epea dago urtarrileko Ezetz Jakin lehiaketan parte hartzeko; online zein galdetegia beteta parte har daiteke.