Beti Gazte taldeak bere legea ezarri du Santanapen
Euskadiko Goma Gaineko Txapelketa irabazi dute, 600 kiloko pisuan.
Gernika-Lumoko Santanape kiroldegiak Euskadiko Goma Gaineko Txapelketako final handia hartu zuen, 600 kilogramoko pisukoa, iragan zapatuan [urtarrilak 20]. 17:00etan eduki zuten hitzordua txapelketan aurrera egin duten eta finalera sailkatu diren taldeek. Punta-puntako lehia egon zen, baina, lehiaketa guztian zehar gertatu den legez, Beti Gazte taldeak ez zuen bere mailako aurkaririk topatu eta garaipen sendoa poltsikoratu zuen; 20 puntu eskuratu zituzten garaileek, eta Ñapurrak eta Berriozar taldeak eduki zituzten lagun podiumean, hurrenez hurren. Lehendabizikoek 16 puntu lortu zituzten, eta bigarrenek, ostera, 14 puntu. Ondoren sailkatutako taldeei dagokienez, lehia estua egon zen denen artean eta honela geratu zen taula: laugarrena Zuraide A izan zen, 13 puntugaz; bosgarren eta seigarren sailkatu ziren, 11 puntugaz, Ibarra eta Amaiur.
Asteburu borobila izan da Beti Gaztekoentzat. Izan ere, Gernika-Lumoko finalaz gain, parte hartu duten gainontzeko lehiaketa denetan garaipena lortu dute: Oiartzunen lehiatutako gizonezkoen 600 kilokoan eta emakumezkoen 500 kilokoan; Lesakan jokatutako 580 kiloko lehia mistoko lehendabiziko jardunaldian; eta, azkenik, lehia horretako finalean, Ozaetan.
Geratzen dena.
Goma gaineko egutegia amaitzen dago. Asteburuko lehiaketan ondoren, hurrengo asteburuan emango diote amaiera lehiaketa egutegiari. Zapatuan [urtarrilak 27], 500 kiloko emakuemzkoen finala eta gizonezkoen 560 kilokoa lehiatuko dute Pobesen. Domekan [urtarrilak 28], ostera, 23 urtez azpikoen lehia hartuko du Berriozarrek.