Ezinezkoa izan da
Eurocup Women Txapelketari agur esan dio Lointek Gernika Bizkaiak. 87-59 galdu zuen atzo [urtarrilak 18] London Lionsen aurkako Eurocup Women txapelketako final-zortzirenetako itzulerako partidua. Ingelesak nagusi izan ziren hasieratik.
Lointek Gernika Bizkaiak 87-59 galdu zuen atzo [urtarrilak 18] London Lionsen aurkako Eurocup Women txapelketako final-zortzirenetako itzulerako partidua. Ingelesak nagusi izan ziren hasieratik, eta Gernika Bizkaiako jokalariak etengabe saiatu ziren arren –zazpi puntura hurbildu ziren–, ez zuten markagailua iraultzea lortu. Dagoeneko, Emakumezkoen Endesa Ligako Spar Gran Canariaren aurkako neurketa prestatzen ari dira, bihar, 20:30ean, Malosten lehiatuko dutena.
Lehen laurdenak zeresan handia eduki zuen partiduaren noranzkoan. Eta ez zen hasiera ona izan Lointek Gernika Bizkaiako jokalarientzat. Hiruko marrari neurria hartuta, 21-5eko markagailua ezarri zuten ingelesek, eta talde gernikarreko jokalariek ez zuten distantzia horretatik asmatzen. Erasoan zein defentsan arazoak nabariak ziren. Nikitinaite kantxaratu zuen orduan Lucas Fernandezek, eta zortzi minututan bederatzi puntu lortu zituen. Hala eta guztiz ere, zaila zen ingelesei aurre egitea: 28-14.
Defentsa aukera desberdinak bilatu zituzten bigarren laurdenean talde gernikarrekoek, Londreseko jokalariak gelditzeko helburuz. Baina ez zuten lortu London Lionsekoen kanpo jaurtiketa oztopatzea. Izan ere, Fagbenlek hamar puntu eskuratu zituen atsedenaldirako, kanpotik zein barrutik min eginez, eta hamasei puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen zatia (47-31).
Markagailuan hurbiltzeko itxaropenagaz bueltatu ziren Gernika Bizkaiako jokalariak, eta 0-9 puntuko partziala ezarri zuten markagailuan. Zazpi puntura jarri ziren, baina puntuak gehien behar zituzten momentu horretan ez ziren ailegatu, eta ingelesek ez zuten barkatu; Snytsiak gidatuta, berriro urrundu ziren (60-43). Marta Alberdiren eta Buchen hirukoek partidan mantendu zuten taldea, baina kanporaketan aurrera egitea ezinezkoa bihurtzen hasia zen, hamar puntuko errentagaz irabazi behar baitzuten gernikarrek.
Laugarren laurdenean partidua borobiltzeko gogoz kantxaratu ziren London Lionseko jokalariak, eta euren erritmoa ezarri zuten, talde gernikarrekoen huts egiteak bultzatuz –23 egin zituzten–. 16-0ko partzialagaz markagailuan are gehiago urrundu ziren London Lionsekoak, eta Lointek Gernika Bizkaiakoek azken momentura arte borrokatu bazuten ere, ezinezkoa egin zitzailen markagailua iraultzea Eurocup Women Txapelketan titulua lortzeko faboritoetako baten aurka (87-59).